Datorren zapatutik astelehenera bitartean Maspalomas filma ikusi ahal izango da Baztartxo antzokian. Moriarti ekoiztetxearen filma 73. Donostiako Zinemaldiaren sail ofizialean lehiatu da, eta arrakasta lortu du ikus-entzuleen artean. Orain, mundu zabalera zabaltzeko bideari ekingo dio filmak, eta Baztartxon egingo duena izango da aurreneko geltokietako bat. Zapatuan eta igandean 19:30ean eta astelehenean, ikuslearen egunean, 20:00etan emango dute filma herriko antzokian. Filma jatorrizko bertsioan eskainiko badute ere, gaztelerazko azpitituluekin emango dute.
76 urte dituen Vicente da filmeko protagonista, eta bikotearekin hautsi ondoren, gustuko duen bizimodua egitea erabakiko du Maspalomasen: eguzkia, parranda eta gozamena dira bere eguneroko jardunak. Istripu batek, ordea, Donostiara itzultzera behartuko du, eta han aspaldi abandonatu zuen alabarekin egingo du topo. Vicentek adinekoen egoitza batean bizi beharko du aurrerantzean, eta bertan armairura itzuli beharra sentituko du, konpondutzat zuen bere buruaren alde bat ezkutatuz.