Jose Arakistain futboleko atezain ohi azkoitiarra omenduko dute etzi Elgoibarren

Andoni Elduaien 2025ko ira. 11a, 08:51

Arakistain, Real Madrilekin jokatutako partida batean. (Real Madril)

Larunbatean bere hastapeneko urratsak egin zituen Elgoibarko futbol klubaren omenaldia jasoko du Arakistainek, Elgoibarko Mintxeta zelaian. Realean eta Real Madrilen aritu zen, besteak beste, futboleko atezain ohi azkoitiarra.

Jose Arakistain futboleko atezain ohi azkoitiarra omenduko dute etzi, zapatua, Elgoibarren (Gipuzkoa). Gipuzkoako Ohorezko Erregional Maila irekiko duen partida jokatuko dute Elgoibarren gizonezkoen lehen taldeak eta Bergarak, Elgoibarko Mintxeta futbol zelaian. Partida horren bueltan omenduko dute Elgoibarren historiako futbol jokalari ohoratuena.

16 urterekin hasi zen Arakistain Elgoibar taldearen harrobian, eta han erakutsitako mailak zenbait talderen arreta piztu zuen; Realak fitxatu zuen urtebete beranduago. Eibarren utzita aritu zen Arakistain urte batez, baina klub txuri-urdinera itzuli zen berriro, eta 1956. urtean egin zuen debuta Realarekin, 19 urterekin. 60ko hamarkadako euskal futbolaren ikurretako bat bihurtu zen gerora Arakistain. Bost denboralditan 120 partida baino gehiago jokatu zituen talde txuri-urdinarekin atezainak.

1961ean, berriz, Real Madrilek fitxatu zuen. Garai hartan oso ezohikoa zen truke bat gauzatu zuten Realak eta Real Madrilek: sei milioi pezeta ordaindu zizkion Real Madrilek Realari, eta horrez gain, jokalari batzuk sartu zituzten negozioan. Madrilgo futbol taldearekin ibilbide loriatsua egin zuen azkoitiarrak, hainbat titulu eskuratu zituen-eta, tartean sei liga, kopa bat eta 1965-66 denboraldiko Europako Kopa. Gol gutxien jaso zituen atezaina izan zen 1961-62 denboraldian, eta horregatik, Zamora saria jaso zuen Arakistainek. Espainiako selekzioarekin ere aritu zen hainbatetan. Besteak beste, 1962. urtean Txilen jokatu zen Munduko Txapelketan parte hartu zuen hark.

Real Madrilen egindako ibilbidea itxi ondoren, Elx futbol taldera egin zuen jauzia azkoitiarrak; 1967tik 1971ra arte egon zen talde horretan Arakistain. Azken denboraldian, 1972-1973 sasoian, Castellon taldean jokatu zuen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide