Kulturartekotasun Jaia eta Garapenean Bidelagun egitasmoa ospatuko ditu herriak hil honen 21ean, igandez. Iaz bezala, aurten ere munduko hainbat txokotako ohiturak, usadioak eta koloreak zabalduko dituzte herrian Azkoitira etorritako bizilagunek. Ordea, egunak balioko du nazioarteko gastronomia gertuagotik ezagutzeko ere; izan ere, munduko janari desberdinak dastatzeko eta gozatzeko parada eskainiko du jaiak.
Udalak azaldu duenez, hainbat jarduera izango dira egun horretan, baina baita aurrez ere; izan ere, Munduko Janariak izeneko ikastaroa antolatu du erakundeak datorren asterako. Astelehenetik ostegunera, hilaren 15ean, 16an, 17an eta 18an, beste kultura batzuetan ohikoak diren sukaldeko errezetak kozinatzen ikasteko aukera izango dute herritarrek.
Latinoamerikako, Afrikako, Asiako eta Europako janariak landuko dituzte lau saio horietan; Marokoko, Saharako, Kenyako eta Mexikoko plater tipikoak prestatuko dira lau saioetan, hurrenez hurren. Saioak Elkarguneko sukaldean egingo dituzte, eta bakoitzak bi orduko iraupena izango du –17:00etatik 19:00etara izango dira. Azkoitira atzerritik etorritako bizilagunak izango dira sukaldeko arduradunak, eta bide batez, izena emango dutenen irakasleak.
Ikastaroan aritzeko izen-ematea doakoa da eta udalak zabaldu du horretarako epea. Honako lotura honetan eman ahalko dute ikastarorako izena interesa dutenek.