Azkoitiko Udalak irailetik azarora bitartean Baztartxo antzokian izango diren kultur hitzorduen berri eman du. Orotara, lau antzezlan –helduentzako eta haurrentzako bina– eta kontzertu zein bakarrizketa saio bana izango dira irailean, urrian eta azaroan, herriko antzoki nagusian.
Hil honen 20an, larunbatez, Dejabu konpainiak Itzulera lana taularatuko du helduentzat Baztartxon (19:00). Dejabu konpainiaren proiektu eszeniko berria umorez, poesiaz eta akzioz betetako antzezlana da. Auto-fikziozko obra horretan konpainiako kideek zalantzan jarriko dute beraien sormenaren eta identitatearen zentzua. Hain justu, 2024an Mexikora egindako bidaia kontatuko dute. Zuzeneko road movie baten egitura du obrak, eta etengabe jokatzen du errealitatearen eta fikzioaren artean. Eszenako aktoreez gain, zinemagile batek zuzenean sortu eta proiektatuko ditu irudiak.
Hil honen 28an, berriz, haurrentzako Elara, bidaia bat izarretara lana aurkeztuko du Mar Mar Teatroa konpainiak (17:00). Maitea den norbaiten galerarekiko doluak berdin eragiten die helduei zein haurrei, baina azken horien barneratzeko modua desberdina izan daiteke. Hain justu, zeregin horretan laguntzeko asmoz sortu zuen Mar Mar Teatroak Azkoitian taularatuko duen haurrentzako antzezlana. Elara protagonistak ezagutzen duen norbait izar-hauts bihurtzen ikusiko du eta bere bila espaziora joatea erabakiko du. Dolua igarotzen duen bitartean, galaxiatik galaxiara eta planetatik planetara bidaiatuko du Elarak bizitzaren zentzua ulertzen saiatzeko.
Urriaren 4an, bestalde, Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarraren kontzertua izango da Baztartxon (12:15). Txalkor txistulari taldea eta Azkoitiko Musika Banda izango ditu Mendizabalek bidelagun Azkoitian. Musikari horien guztien arteko harreman ona sendotzeko asmoz, txistua protagonista bihurtuko duen emanaldi berezia eskainiko dute txistulari ezagunak eta herriko bi taldeek.
Txistulariaren emanaldiaren ondorengo astean, Txalo Produkzioakek Amak antzezlana eskainiko du Baztartxon (19:00). Komedia obra da Amak antzezlana, ikastola bateko itxarongelatik atera ezinda gelditu diren lau emakumeen arteko istorio desesperagarria. Egoera larri horrek mugarik gabeko ezusteko terapia batera eramango ditu lau protagonistak, eta terapiaren saio horietan amatasunaren alde onak eta txarrak aterako dituzte.
Lau antzezlanetan berantiarrena Logela Multimediak haurrentzat prestatu duen Semaforoa obra izango da. Urriaren 18an eskainiko du antzerki konpainiak lan hori Baztartxon (17:00). Enekok, protagonistak, ez die kasurik egiten semaforoei; izan ere, hark berehala lortu nahi ditu gauzak, eta, horregatik, semaforoak oztopo bat dira berarentzat. Amets izeneko ezezagun batek bizitza lasaiago hartzeko eta gehiago jolasteko proposamena egingo dio Enekori, baina hark ez dio kasurik egingo. Semaforoak kolore gorria hartzean, bestelako bide batean sartuko da protagonista.
Udalak iragarritako azken hitzordua, berriz, Antton Telleria umoregilearena da. Telleriak Ninini bakarrizketa saioa eskainiko du azaroaren 21ean, ostiralez, Baztartxon (20:00). Telleriaren bigarren komedia ikuskizuna da Ninini, egolatriari eginiko oda, hain zuzen. Protagonistak bere buruaz hitz egingo du etengabe, baita zintzotasun ariketa bat egin ere; izan ere, bere buruarekin duen harremanaz, bere izenaz, bere bikotekideaz, komikoa izateaz eta bertsolaria ez izateaz hitz egingo du.
Sarrerak, salgai
Udalak Entradium atarian jarri ditu sarrerak online salgai. Honako lotura hauetan eros daitezke sarrerak.
- Irailak 20, zapatua, 19:00etan. Dejabu konpainiaren Itzulera antzezlana. Erosi sarrerak, hemen.
- Irailak 28, igandea, 17:00etan. Mar Mar Teatroaren haurrentzako Elara, bidaia bat izarretara antzezlana. Erosi sarrerak, hemen.
- Urriak 4, zapatua, 12:15ean. Garikoitz Mendizabal, Txalkor txistulari taldearen eta Azkoitiko Musika Bandaren laguntzarekin. Erosi sarrerak, hemen.
- Urriak 11, zapatua, 19:00etan. Txalo Produkzioaken Amak antzezlana. Erosi sarrerak, hemen.
- Urriak 18, zapatua, 17:00etan. Logela Multimediaren haurrentzako Semaforoa antzezlana. Erosi sarrerak, hemen.
- Azaroak 21, ostirala, 20:00etan. Antton Telleriaren Ninini bakarrizketa. Erosi sarrerak, hemen.