Aurtengo Inazio Iriarte kale margo lehiaketara aurkeztutako hamabi lanekin erakusketa zabaldu du Azkoitiko Udalak Portaleburu erakusketa aretoan. Atzo ireki zuten eta asteburu honetan nahiz hurrengoan egongo da erakusgai, ostiraletik igandera bitartean,. Ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik herriko plazako aretoa; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara irekiko dute; eta igandeetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara.
Lehiaketaren 42. aldia izan da aurtengoa, eta abuztuaren 17an egin zuten, Andremarietako Baserritarren Egunean. Lehiaketa egin zen egunean bertan banatu zituzten sariak. Portugaleteko (Bizkaia) Jose Luis Lopezen lanak irabazi zuen lehen saria, Azkoitiko plaza izenburuko margolanarekin. Bigarren saria San Martin izeneko lanarekin Iker Mugarrarentzat izan zen, hori ere bizkaitarra. Hirugarren saria Porru kaletik gasolindegira izeneko lanarekin Javier Igoa nafarrak jaso zuen. Azkoitiko plazako, San Martingo zein Kale Nagusikoak ez ezik, herriko beste hainbat txoko irudikatutako lanek dago erakusketa osatuta.
Inazio Iriarte 42. Kale Margo Lehiaketaren epaimahaia Udane Juaristik, Juan Mari Arrizabalagak, Valentin Manterolak, Arantxa Aldalurrek, Juan Bautista Mendizabalek, Iraitz Otañok eta Sonia Vazquezek osatu zuten. Sari banaketa ekitaldian, Juan Bautista Mendizabal zinegotziak Imanol Kerejeta margolaria zena oroitu zuen.