Azkoitian Gaztenenea jauregian kokatutako Hizkuntza Eskola Ofizialak zabalik du matrikulazio epea, eta ingeleseko nahiz frantseseko ikastaroetarako eskaerak irailaren 16a baino lehen aurkeztu beharko dira. Eskaerak Ikasgunea plataformaren bidez egin beharko dira elektronikoki.
Plazen lehen esleipenak irailaren 26an jakinaraziko dituzte. Ikasturte osoaren prezioa 72,36 eurokoa da eta azterketa egiteko bi deialdi sartzen dira barne.
Ingelesari dagokionez, B1, B2.1, B2.2 eta C1 mailak eskainiko dituzte Azkoitian. Lehenengo bi mailetan talde bakarra osatuko dute, eta gainontzekoetan, bina talde. Gainera, B2.2 eta C1 mailetan taldeetako bat erdipresentziala izango da.
Frantsesean, berriz, A1, A2 eta B1 mailak eskainiko dituzte, eta maila bakoitzean talde bat osatuko dute.
Matrikulazioak hainbat fase ditu. Taldeak osatzen ez diren kasuetan, irailaren 17tik aurrera ere izena emateko aukera izango da. Lehen matrikulazio epean izena eman dutenen plazen esleipena hilaren 26an jakinaraziko dute.
Eibarko Hizkuntza Eskolaren webgunean informazio osagarria eskuragarri dago.