Ibilgailu elektrikoak kargatzeko gunea jarriko dute Ibaiondon

Nerea Uranga 2025ko ira. 5a, 15:29

Ibaiondon kargagailu elektrikoa jartzeko obrak. (Azkoitiko Udala)

Azkoitiko Udalak ibilgailu elektrikoentzako hirugarren karga puntu bat jarriko du herrian. Ekiola energia kooperatibaren eskutik ipiniko dute hori, Ibaiondo kalean. Kargagailua azarorako erabilgarri izango dela aurreikusi dute.

Azkoitian ibilgailu elektrikoentzako karga-puntu berri bat jartzeko lanetan ari dira egunotan. Ibaionko kaleko 1. zenbakian jarriko dute, kiroldegiko biribilgunetik gertu. Azarorako erabilgarri izatea aurreikusi dute, falta diren kontu batzuk itxi ondoren, Azkoitiko Udalaren arabera.

Ibaiondoko puntua martxan jarritakoan, Azkoitian ibilgailu elektrikoentzako hiru kargagune izango dira. Ibaiondokoa, Urretxuko Ekiola energia kooperatibaren eskutik jarri dute, Azkoitiko Udalak eta Ekiolak duten lankidetza hitzarmenari esker. Herriko plazako –Kultur Etxearen azpian– eta Trenbidearen Zumardiko kargagailuak aurrez udalak jarritakoak dira.

Azkoitiko Udala Urretxuko Ekiolaren bazkide laguntzailea da duela urtebetetik. Hain zuzen ere, 2024ko irailean, aho batez onartu zuen udal osoko bilkurak kooperatibara atxikitzea, teknologia fotovoltaikoaren bidez sortutako elektrizitatea sustatzeko. Azkoitiko udalerria 15 kilometro baino gutxiagoko erradioan kokatzeak ahalbidetu zuen lankidetza Ekiolarekin.

Ekiola proiektuan parte hartu nahi duten herritarrek aukera dute horretarako, eta izen ematea zabalik dago. Horri buruzko informazioa nahi duenak www.ekiola.eus webgunean eskuratu dezake.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide