Udalak eta Urretxuko Ekiola energia kooperatibak lankidetza hitzarmena sinatuko dute

Ane Olaizola 2024ko ira. 26a, 15:21

Azkoitiko Udalbatza, atzo, iraileko osoko bilkuran. (Ane Olaizola)

Azkoitia 25 kilometroko erradioan egonik, azkoitiarrek aukera izango dute Urretxuko proiektu fotovoltaikoaren bazkide izateko, eta horretarako lehen urrats gisa, akordioa sinatzea onartu zuen atzo udalbatzak, aho batez.

Azkoitiko Udalak Urretxuko Ekiola energia kooperatibarekin lankidetza hitzarmena hastea onartu zuen atzo udalbatzak, iraileko osoko bilkuran. Udal ordezkariek aho batez onetsi zuten erakundeak eta kooperatibak akordioa sinatzea, eta modu horretan, herritarrek aukera izango dute proiektu fotovoltaikoaren bazkide izateko.

Urretxuko Ekiola dagoeneko osatuta dago, eta Azkoitia 25 kilometroko erradioan egonik, bien arteko lankidetza hitzarmena egitea posible dela azaldu zuen atzo Ana Azkoitia alkateak. Hain zuzen, Urretxuko Ekiolak proposatu zion udalari bazkide-laguntzaile gisa proiektuarekin bat egiteko hitzarmena astea, eta "alderdi guztien artean aztertu ondoren" ondorioztatu zuten "alternatiba ona" dela, alkatearen hitzetan: "Udalerri bakoitzean energia-kooperatiba bat bultzatzeak eta martxan jartzeak esfortzua eta gainkostua dakartza, eta baliteke oraingoz behintzat justifikatuta ez egotea. Horregatik, ideia ona iruditu zitzaigun dagoeneko bideratuta eta izen-emate fasean dagoen kooperatibako bazkide egiteko aukera eskaintzea Azkoitiko herritarrei".

Eguzki plakaz osatutako 1,25 MW-eko azpiegitura bat eraikiko du Urretxuko Ekiolak udalerri horretan, eta kooperatibako bazkide egiten diren herritarrek instalazioaren zati bat eskuratuko dute, kapital ekarpen bat eginda. "0 kilometroko energia berriztagarriaren kontsumoa sustatzeko eta erregai fosilekiko dugun mendekotasuna murrizteko modu bat da. Gainera, bazkideek unean uneko prezioaren araberako aurrezkia lortu ahal izango dute ", gaineratu du alkateak.

Udalak azaldu duenez, erakundeak ez du kooperatibatik etekinik jasoko, irabazi askorik gabeko elkartea delako. Era berean, lankidetza hitzarmena sinatzea lehen urratsa dela gaineratu du, eta proiektuak aurrera egin ahala, udalak herritarrei dagokien informazioa emango die.

Urretxuko Udalak ez ezik, Ezkio-Itsasoko eta Antzuolakoek ere parte hartzen dute hango proiektuan, Ekiolarekin batera. Ekiola energia kooperatibaren sustatzaileak dira, berriz, Mondragon Taldeko Krean kooperatiba eta Energiaren Euskal Erakundea.

Aho batez

Udaleko talde guztien aldeko botoekin onartu zuen atzo udalak Urretxuko Ekiolarekin hitzarmena egitea. Asier Altunak Azkoitiko EH Bilduren bozeramaileak garrantzitsutzat jo zuen azkoitiarrei energia kooperatiba baten parte izateko aukera ematea, eta begi onez jo zuen haren filosofia: "Energia trantsizioaren bidean, energia berriztagarrien erabilera eta eredu jasangarriak bultzatzen ditu proiektuak, kudeaketa lokala du eta komunitarioa da". Hain zuzen, trantsizio energetikoaren urratsei erantzuten diela azaldu zuen hark, eta energia burujabetzatik "oso urrun" egonik, mendekotasuna murrizteko halako proiektuak beharrezkoak direla azpimarratu zuen, herritarrak informatu eta proiektuan parte hartzeko gonbidapena luzatzearekin batera.

Azkoitia Bai plataformako Jose Joakin Etxanizek ere baiezkoa eman zion hitzarmena hasteari, besteak beste, egitasmoak herritarren burujabetzan lagunduko duelako. Horrez gain, azpiegitura hango "betelan edo hondakindegi baten gainean" eraikiko dutela eta ez dela "lehen sektoreko lurzoru emankorrik" erabiliko azpimarratu zuen bere baiezkoa arrazoitzeko. Hain justu, proiektuaren gaineko hainbat zertzelada eman zituen zinegotziak, udal taldeek uztailaren 9an Krean taldearekin eta Urretxuko alkatearekin izan zuten bileran hitz egindakoa oinarri hartuta: haren arabera, Repsol enpresako Ekiluz izango da proiektuaren komertzializatzailea hasierako bi urteetan behintzat, eta mantenua, seguruak eta administrazio lanak Kreanek egingo ditu, 29 euro/MW-eko prezioan.

Janire Igoa PSE-EEko ordezkariak ere adierazi zuen bere alderdiak energia berriztagarriak babesten dituela, eta horrenbestez, baita Ekiola ere. Dena den, udalak herrian bertan ere energia komunitateak sortzeko "lehen urratsak" egin behar dituela azpimarratu zuen hark.

Oposizioari erantzuteko tartean, berriz, Udal Gobernuak ez zuen aterik itxi bestelako komunitate batzuk sortzera, eta alkateak azaldu zuen Xabier Munibe ikastolan eguzki plakak jartzeko proiektua eginda dagoela. Etxanizi, berriz, proiektuaren inguruko "datu gehitxo" eman izana egotzi zion, informazio hori kooperatibari ematea dagokiola iritzita. "Bileran zantzu batzuk besterik ez zizkiguten eman, eta proiektua sozializatu behar badugu, bilera ireki bat antolatu beharko da; beraiek izango dira azalpenak ondoen emango dituztenak: zergatik duten komertzializatzaile bat edo bestea, kooperatibako kide izateak zer eragingo duen, ordaindu beharreko prezioa zein izango den...". 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide