Erniarraitz bertsozale elkarteak mende laurdena beteko du aurten, eta urteurren borobil hori aintzat hartuta, irailaren 20an ospatuko du elkarteak bere eguna, Azkoitian. Bertsoa oinarri hartuta, poteoa eta bazkaria egingo dituzte egun horretan.
12:30ean plazatik abiatuta, bertso poteoa egingo dute eskolako zenbait bertsolarirekin, eta ondoren, Joseba jatetxea joango dira. Herriko jatetxe horretan egingo dute urteurren bazkaria, eta bazkalostean, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus ariko dira bertsotan.
Bazkari horretarako, baina, izena eman beharko da aurrez, eta hain justu, Erniarraitzek zabalik du horretarako epea. Izena emateko, erniarraitz@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 635 00 73 37 telefono zenbakira Whatsapp mezu bat idatzi beharko dute interesa dutenek. Bazkaria 40 euro ordaindu beharko da.
Ikasturte berria, ate joka
Erniarraitz elkarteak bertsoa du oinarri, eta urtero moduan, aurten ere urrian zabalduko dituzte ateak Azkoitian, Azpeitian, Errezilen eta Zestoan. Haurrentzat zein helduentzat eskainiko ditu elkarteak bertso eskolak. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, eta informazio zehatzagoa nahi duenak mezu bat bidali beharko du erniarraitz@gmail.com helbidera.