Udaren aurretik Donostia Ospitalera zuzeneko autobus zerbitzua jar dezatela eskatzeko sinadura bilketa egin zuen Doako Parking-a Denontzat plataformak, eta gaur jakinarazi duenez, Azkoitia, Azpeitia eta Zestoako 3.628 herritarren babesa lortu du. Jasotako sinadurak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun sailera bideratu ditu jadanik, eta erantzun ofizialaren zain dago orain. "Herritarrek egindako eskaerari dagokion arretarekin erantzutea espero dugu", adierazi dute taldeko kideek.
Doako Parking-a Denontzat plataformak salatzen duenez, Donostia Ospitalean gero eta zailtasun gehiago daude autoak aparkatzeko eta, ondorioz, asko dira egunero dagokien ordua baino askoz ere lehenago joan behar diren langileak, kontsultak galtzen dituzten pazienteak eta senitartekoak bisitatzeko ordainpeko aparkalekuan diru kantitate handia uzten duten pertsonak. Horregatik, ospitalera joateko zuzeneko autobus zerbitzua egon dadila eskatzeko sinadurak biltzen jardun zuen ekainean eta uztailean.
Sinadurak biltzen hasi aurretik plafaformako kideak harremanetan jarri ziren aldundiko Mugikortasun sailarekin, baina hark ez zuen irtenbiderik aurkeztu. Lortu duten sinadura kopurua herritarrek eskaera horri erakutsitako babes zabalaren emaitza dela iritzi diote eta, hortaz, gaiari "dagokion arretarekin" erantzutea galdegin diote aldundiari.