Euskaraz "eroso" ikasteko eta bizitzeko ikasturtea zabaldu du AEK-k

Andoni Elduaien 2025ko ira. 4a, 08:28

Azkoitiko AEK-ko ordezkariak eta irakasleak. (Azkoitiko AEK)

Euskara eroso ikasi eta bizi izenburupean zabaldu du euskaltegiak ikasturte berrirako matrikulazio epea. Azkoitiko Udalak matrikularen %100a itzuliko die Azkoitian erroldatuta daudenei eta eskoletan %85eko asistentzia dutenei. Eusko Jaurlaritzak ere emango ditu laguntzak, maila egiaztatuz gero. 

Azkoitiko AEK euskaltegiak zabalik du 2025-2026 ikasturterako matrikulazio kanpaina. Irailaren amaiera arte eman daiteke izena urrian hasiko den ikasturterako. Euskara eroso ikasi eta bizi izenburupean zabaldu du euskaltegiak ikasturte berrirako matrikulazio epea.

Hain justu, atzo, asteartea, kanpaina aurkezteko agerraldia egin zuten AEKren nazio kontseiluko kideek Gasteizen, hiriburuko euskaltegietan euskara ikasten ari diren hainbat ikaslerekin batera. Hain justu ere, euskara "eroso" ikasteko eta euskaraz "eroso" bizi ahal izateko beharrezkotzat jo zuten haiek ezagutzaren "unibertsalizazioa" bermatzea, eta horregatik mezu argia eman zuten: "Helduen euskalduntze-alfabetatzea estrategikoa da euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan, eta herritar denek dute euskaraz jabetzeko eskubidea eta ardura komunitarioa".

Euskara ikasteko eskubideari "egoki" erantzun nahi bazaio, AEKrentzat "ezinbestekoa" da euskalduntze prozesu osoan doakotasuna ezartzea eta ezagutza sozializatzea. "Euskara ikasteak doakoa eta irisgarria izan behar du Euskal Herrian bizi diren pertsona guztientzat", esan zuten. Doakotasunaren bidean Euskal Herriko administrazioek eta eragileek egindako urratsak "ontzat" hartu zituen AEK-k.

Azkoitiko Udalak matrikularen %100a itzuliko die Azkoitian erroldatuta daudenei eta eskoletan %85eko asistentzia dutenei. Eusko Jaurlaritzak ere emango ditu laguntzak, betiere maila egiaztatuz gero. A1 eta A2 –ikasturte berrian aurrenekoz– maila eskuratu nahi duten ikasleek eta C1 maila nahi duten 16-18 urteko gazteek diru gutxiago ordaindu beharko dute; gainera, diru hori itzuli egingo diete maila egiaztatu ondoren. Horrez gain, B1 edo B2 maila ikasi nahi dutenek ikasturte hasieran ordaindutako matrikularen dirua berreskuratu ahalko dute, betiere maila hori lortu dutela egiaztatuta. 

Matrikula egiteko bideak

Matrikula egiteko, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara zabalduko du Azkoitiko AEK-k Kultur Etxeko hirugarren solairuan duen bulegoa. Aurrez aurrekoaz gain, 943-15 10 89 eta 607 61 26 97 telefono zenbakietara deituta edo azkoitia@aek.eus helbide elektronikora idatzita ere jar daiteke euskaltegiarekin harremanetan. AEK-k herritarrak izena ematera animatu ditu ikasturte berrirako ordutegi, maila eta modulazio eskaintza zabala, eta enpresentzako, elkarteentzako eta udalentzako ikastaroak dituztela argudiatuta. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide