Hitz bitan

Maria Santizo: "Bakardade sentimendu handia dago Londresen"

Naia Arrizabalaga 2025ko urr. 11a, 08:30

Maria Santizo. (Argazkia: utzitakoa)

Lana eta ikasketak uztartu beharrak elkartu zituen Londres eta Maria Santizo (Azkoitia, 2001). Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza eta Ingeniaritza Informatikoa gradu bikoitza ikasten ari zela, laugarren ikasturteko udan Ingalaterrako hiri ospetsura joan zen Bank of America banketxean hamar asteko praktikaldia egitera, eta kontratu eskaintza batekin itzuli zen etxera. Gradu bikoitza amaitu bezain laster, hegazkina hartu eta praktikak egindako leku berean ekin zion lan ibilbideari. Iraileko Azkoitia Guka aldizkarirako egindako elkarrizketa da honako hau.

Zergatik hautatu zenuen Londres?

Haurra nintzenetik ikasi dut ingelesa, eta baneukan atzerriko bizimodua nolakoa zen probatzeko gogoa. Praktiketako aukeren begira aritu nintzen, eta Londresek ingelesarekin zeukan lotura medio, hara joatea erabaki nuen. Bank of America banketxean hamar aste pasatu nituen lanean, eta oso gustura aritu nintzen. Praktikaldiko azken egunean, gradua amaitzen nuenerako lana eskaini zidaten, eta kezka askorekin itzuli nintzen Azkoitira.

Kezkak kezka, Ingalaterrako hiriburura itzultzea erabaki zenuen…

Bai, gradua amaitu nuenean itzuli nintzen, eta bizimodua asko aldatu zitzaidan, ikasle izatetik langile izatera pasatu nintzelako. Londres oso hiri handia da, askotariko jendea dago hemen, eta guztia da desberdina; ez daukate antzik Azkoitiak eta Londresek.

Etapa berri bat hasi zenuen. Nolakoa izan zen hasiera?

Hasieran kostatu egin zitzaidan ohitzea. Hizkuntza aldetik, esaterako, liburuetan ikasitakoarekin nentorren, eta hemen errealitatea bestelakoa da. Mugikortasunari dagokionez ere, aldea nabarmena da; oso hiri handia da, eta ordu erdi behar duzu gutxienez batetik bestera mugitzeko. Hasieran, erresidentzia batean bizi izan nintzen, eta han egindako lagunekin apartamentu batean bizi naiz gaur egun.

Bank of American urtebete daramazu lanean. Zein da zure egitekoa han?

Analista teknologikoa naiz; merkatu finantzarioko salerosketetarako softwareak sortu, garatu eta mantentzen ditut. Egunerokotasunean programazioan aritzen naiz, burtsa, bonuak, dibisa eta commody merkatuetarako programak sortzen. Horretaz gain, emakumeak STEM arloko rol teknikoetan bultzatzeko jardueretan ere aritzen naiz, jardunaldietan parte hartuz zein hitzaldiak antolatuz.

Lantegian zenbatekoa da emakumeen kopurua?

Datu zehatzik ez dakit, baina gizonak askoz gehiago dira. Esan beharra dago zenbait enpresatan bultzatzen dituztela emakumeak STEM mundura, eta pixkanaka hobekuntzak ematen ari direla.

Eta gazteen kasuan, asko al dira zu bezala lanean ari direnak?

Bank of Americak Junior Talent deituriko programak lantzen ditu, gazteak lanera bultzatzen ditu, eta beraz, asko gara lanean ari garenak. Hirian ere ohikoa da gazteak lanean ikustea. Ni lanean hasi nintzenean, lantokian adin bertsuko jendea izateak asko erraztu zidan harremanak egitea. 

Erraza izan al da hor jendea ezagutzea?

Lanean zein handik kanpo erraz egin nituen lagunak. Hemen jende ugari bizi da, oso desberdinak dira beraien artean, eta ez dago Azkoitian bezalako komunitate sentimendurik. Jende ezezagun askorekin gurutzatzen gara hemen bizi garenok, pertsona asko dauzkagu etengabe inguruan, baina jendeak bakardade sentimendu handia dauka.

Zure etorkizuna Londresen irudikatzen al duzu?

Bost urterako bisa daukat, baina kontratuak ez du amaiera datarik. Oraingoz, oso gustura nago; lanari dagokionez eta pertsonalki asko eman dit Londresek. Etxera ere pozik itzultzen naiz eta familiaren eta lagunen falta sumatzen dut, baina badakit etxea hor dagoela, nahi dudanean itzultzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide