Ostiralean zabalduko dute Inazio Iriarte lehiaketako margolanen erakusketa

Ane Olaizola 2025ko ira. 2a, 10:35

Inazio Iriarte lehiaketaren aurtengo irabazle Jose Luis Lopez, plazan margotzen. (Aitziber Arzallus)

Aurtengo lehiaketan parte hartu duten hamabi margolarien lanak jarriko dituzte ikusgai Portaleburun, irailaren 14ra arteko ostiral, larunbat eta igandeetan.

Aurtengo Inazio Iriarte margo lehiaketak eman duenarekin erakusketa zabalduko du Azkoitiko Udalak datorren ostiralean, eta horrenbestez, andremarietako Baserritarren Egunean egin zuten lehiaketan parte hartu zuten hamabi artisten lanak ikusteko aukera izango dute herritarrek hilaren 14ra bitartean, Portaleburun. 

Lehiaketaren 42. aldia izan da aurtengoa, eta abuztuaren 17an banatu zituzten sariak: Portugaleteko (Bizkaia) Jose Luis Lopezek jaso zuen lehen saria, Azkoitiko plaza margolanarengatik. Bigarren saria San Martin lanarengatik, Iker Mugarrarentzat izan zen, eta hori ere Bizkaira joan zen; eta hirugarrena, Porru kaletik gasolindegira izenekoa, Javier Igoa nafarrak eraman zuen. Azkoitiko plazako, San Martingo zein Kale Nagusikoak ez ezik, herriko beste hainbat txoko irudikatutako lanek ere osatuko dute erakusketa. 

Datozen bi asteburuetan egongo da zabalik erakusketa; ostiraletik igandera bitartean, alegia. Ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik plazako aretoa, larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara zein 18:00etatik 20:00etara irekiko dute, eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara.

Udane Juaristik, Juan Mari Arrizabalagak, Valentin Manterolak, Arantxa Aldalurrek, Juan Bautista Mendizabalek, Iraitz Otañok eta Sonia Vazquezek osatu dute aurtengo lehiaketaren epaimahaia. Juan Bautista Mendizabal zinegotziak, bestalde, Imanol Kerejeta margolaria zena oroitu zuen sari banaketa ekitaldian. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide