Mangaixue mendi bizikleta martxarako izena aurrez aurre ere eman daiteke gaurtik aurrera

Andoni Elduaien 2025ko ira. 1a, 08:55

Parte hartzaile bat, iaz, Plazaberrin. (Aitziber Arzallus)

Gaurtik hilaren 16ra arte eman ahalko da izena Ibaiondo kalean dagoen Uhaitz kafetegian. Iaz bezala, aurten ere 20 euro ordaindu beharko da proban parte hartu ahal izateko izen-ematea. Hilaren 20an, larunbatez, egingo dute mendi bizikleta martxa.

Irailaren 20an, larunbatez, egingo dute VI. Mangaixue mendi bizikleta martxa Azkoitian. Uztailaren hasieratik zabalik izan dute antolatzaileek Rock The Sport webgunean online izena emateko orrialdea; ordea, martxan parte hartu nahi dutenek aurrez aurre ere eman ahalko dute izena gaurtik aurrera –online erakoa mantendu egiten dute–.

Gaurtik hilaren 16ra arte eman ahalko da izena Ibaiondo kalean dagoen Uhaitz kafetegian. Iaz bezala, aurten ere 20 euro ordaindu beharko da proban parte hartu ahal izateko izen-ematea. Helduek zein 18 urtetik beherakoek parte hartu ahal izango dute proban, baina adingabeek heldu baten baimena beharko dute martxa egiteko. 

Bi ibilbide aukeran

Urtero moduan, partaideek bi ibilbide izango dituzte aukeran: luzea –33 kilometro eta 1.500 metroko desnibel positiboa– edo motza –25 kilometro eta 1.100 metroko desnibel positiboa–. Irteera puntua eta ordua, baina, berdinak izango dira bi ibilbideetako bizikleta zaleentzat; Plazaberritik abiatuko dira guztiak 15:15ean.

Ibilbidea bizikleta elektrikoarekin ere egin ahal izango da, eta beti bezala, kirolariek dutxa hartzeko aukera izango dute amaieran. Martxaren egunean, gainera, bizikleta garbitzeko mangerak ere eskuragarri jarriko dituzte antolatzaileek. Proba amaitzean, zozketak egin eta opariak banatuko dituzte horiek. Horrez gain, jan-edanerako postuak ere jarriko dituzte, bai ibilbidean zehar, bai Plazaberrin behin proba amaitutakoan. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide