Anaitasunaren gizon-emakumeen lehen taldeak 2025-2026 denboraldiari ekiteko prestatzen ari dira. Prestaketa lan horien barruan atzo, zapatua, etxeko aurreneko lagunarteko partidak jokatu zituzten gorritxoen bi taldeek. Loren Barbadok zuzendutako gizonen taldeak Añorgaren aurka egin zuen proba goizean Txerloian, eta arratsaldean, emakumeen taldearen txanda izan zen. Iñigo Oruesagasti Orueren emakumeek Tolosa izan zuten arerio, San Juanen.
Iraileko bigarren asteburuan hasiko dute liga gizonek Gipuzkoako Ohorezko Erregional mailako liga txapelketa. Real Union B taldea jasoko du Anaitasunak etxean lehen jardunaldian. Hitzordu horri begira, atzo jokatu zuten haiek sasoi berriko etxeko lehen lagunartekoa, eta Barbadorenek bana berdindu zuten Espainiako Hirugarren Mailan ariko den Añorgaren aurka. Aimar Guembe izan zen taldeko golegilea.
Emakumeek, berriz, gizonek baino astebete beranduago ekingo diote Emakumeen Euskal Ligari; Hernani jasoko dute etxean aurreneko jardunaldian. Atzo, Tolosa izan zuten arerio San Juan futbol zelaian, eta garaipen zabala lortu zuten Oruerenek.; 4-2 hartu zuten mendean aurkaria. Aretha Azkuek bi gol egin zituen, eta bana lortu zituzten Ane Arrizabalagak eta Kalare Olaizolak.