San Agustin egunaren bueltan ospatu ohi dituzte Aizpurutxo auzoan festak, eta lehengo moldeetatik aldenduta bada ere, aurtengoan ere gauzatu dituzte jai horiek. Ibilbidea, mokadua eta kontzertua izango zirela zioen jaien iragarpeneko albisteak, eta horren atzean zer ezkutatuko zen ez zekiten hamarna lagun elkartu ziren atzo 20:00etan auzo horretako San Agustin taberna zenaren parean. Han ez zen lehengo festetako erromeriarik, ez dantzarako hitzordurik, baina zerbait polita etorriko zenaren itxaropena gordetzen zuten bertaratutako guztiek barruan.
Gorka Larrañagak San Agustin jatetxea zenaren horman margotu duen muralaren azalpenak emanez hasi zuten ibilbidea. Bitxikeria bat dago irudi horren atzean: auzoaren Bergara aldeko zatian dantza lotua egin zitekeen, baina ez Azkoitiko aldean. Pasadizo horiek entzun eta beren harridura azaldu ondoren, orgatilako taberna ibiltaria hartu, eta ekin zioten parte hartzaileek bideari. Aizpurutxo baserriraino igo ziren, eta Arantxa Irizar San Agustin tabernaren arduradun ohiaren azalpenekin, auzoaren paraje guztia begien bistan, osatu zuten hango historia: non zen eskola, sasoi batean ehun ume zirela auzoan... Jarraian, Tere Irastortzak poema batzuk irakurri zituen: besteak beste, bideaz, denboraz, eta guztietan funtsezkoena den horretaz aritu zen: zoriontasunaz.
Hurrengo geralekuan, frontoiaren alboko zubipearen erreka ertzean, ur hotsa bidelagun, jarraitu zuen Irastortzak irakurraldiarekin, udako gau giro ederrean. Handik bidegorrian barrena, geltoki zaharreraino joan ziren ibiltariak, han Josebe Blancoren beste olerki batzuk entzuteko. Eta Aizpurutxotik Urretxurako noranzkoan dagoen aurreneko tunelean amaitu zuten ibilbidea: Urolako trenak zeharkatua izan den auzo batean, trenaren joan-etorriak gogora ekartzen zituen ikus-entzunezko instalazioa zuten prestatuta.
Ondoren, jan-edanerako tartea hartu zuten bertaratutakoek: Pikunietako gazta, marmelada, Mexikoko janaria, guakamolea... herrialde ezberdinetako jakiak dastatu zituzten, egindako bideaz errepasoa egiten zuten bitartean. Amaitzeko, Mozambikeko NBC Gas Butano musikariak zuzenekoa eskaini zuen frontoian, bertaratutakoei bere herrialdeko instrumentuak eta doinuak erakutsiz.
Ezlekurik ez
Arantxa Irizarrek gogora ekarri zituen garaietako bizitasunik ez du gaur egun Aizpurutxok, ez dira ehun haur korrika ibiliko auzoan, baina Aizpurutxo pasoko lekua dela diotenek, ezleku bilakatu nahi dutenek, ezer gutxi jakingo dute atzo han elkartu zirenek sentitu zutenaz. Josebe Blancok ondo adierazi zuen bere poemetan: inor ez direla sinetsarazi nahi dutenek ezer gutxi dakitela Aizpurutxo bezalako leku txiki batean bizi daitekeen handitasunaz.
Halaxe joan dira aurtengo festa atipikoak, berezi bezain goxoak; batek daki zer ekarriko duen hurrengo urtekoak.