Sanagustinak ospatuko dituzte aste honetan Aizpurutxo auzoan

Andoni Elduaien 2025ko abu. 25a, 10:22

Iaz, jai mexikarra egin zuten auzoko festen bueltan. (Ane Olaizola)

San Agustin egunez, meza izango da Aizpurutxon, eta zapatuan, ibilaldia, afaria eta musika emanaldia izango dituzte aukeran herritarrek.

Udako festen emana amaierara iristen ari bada ere, Azkoitiko Aizpurutxo auzoan haien zain daude oraindik. Ostegunean izango da San Agustin eguna, auzo horretako zaindariaren eguna, eta iaz bezala, aurten ere jaiak antolatu dituzte Aizpurutxoko bizilagunek. 

Ostegunean, 11:00etan, meza nagusia egingo dute auzoko San Agustin elizan. Larunbatean, berriz, ibilaldia, afaria eta kontzertua izango dira auzoan, Urbasoko Marmarrak taldeak antolatuta. 20:00etan, elizaren paretik abiatuta, ibilaldia egingo dute auzoan zehar. Bi ordu eskaseko iraupena izango duen hitzordu horretan musika, auzoaren historia, olerkiak, ikus-entzunezkoak eta edariak uztartuko dituzte. 22:00etan, mokadua eskainiko dute auzoko pilotalekuan; leku ezberdinetako janaria dastatzeko aukera izango dute herritarrek bertan. Jai egitaraua ixteko, berriz, Mozambikeko NBC Gas Butano musikariaren emanaldia izango da, 23:00etan hasita. Herrialde horretako doinuak eskainiko ditu artistak Aizpurutxon.

Hona hemen Aizpurutxoko jaien egitaraua: 

Osteguna, abuztuak 28:

  • 11:00. Meza nagusia, San Agustin elizan.

Zapatua, abuztuak 30: 

  • 20:00. Ibilaldia auzoan zehar, elizaren aurretik abiatuta. Musika, historia, olerkia, ikus-entzunezkoak eta edaria uztartuko dituzte bidean zehar.
  • 22:00. Leku ezberdinetako janarien dastaketa, frontoian.
  • 23:00. NBC Gas Butano Mozambikeko musikariaren kontzertua.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide