Eneritz Arrieta: "Pilota utziko dut, adinak ez du barkatzen eta"

Nerea Uranga 2025ko abu. 23a, 09:00

Eneritz Arrieta pilotaria abuztuaren 16an Azkoitiko Gurea pilotalekuan. (Aitziber Arzallus)

Eneritz Arrieta azkoitiarrak pilotan jokatzeari utziko badio ere, batera edo bestera Ados Pilotari lotuta jarraituko du. Andremari jaietan, San Roke egunez, Ados Pilotakoen eta Azkoitiko Udalaren omenaldia jaso zituen etxean, Gurea pilotalekuan.

Txikitan hasi zen pilotan jokatzen Eneritz Arrieta (Azkoitia, 1986), eta Ados Pilotarekin 2021an egin zuen debuta Leitzan (Nafarroa), Naroa Elizalde Etxekolonea zenarekin. Urte horretan bertan sortu zuten hainbat emakume pilotarik Ados Pilota, eta klub horrekin jardun du ordutik. Gaur egun, hamabi pilotarik osatzen dute kluba. Emakumeen pilota profesionalaren alde pixkanaka-pixkanaka aurrerapausoak ematen ari direla esan du, baina oraindik "lan asko" dagoela egiteko.

Andremarietan, abuztuaren 16an San Roke egunean, omenaldia jaso zenuen Gurea pilotalekuan. Zer sentitu zenuen une horretan?

Egia esanda, ez nuen espero, orduan beste pilotariek esan zuten bezala, akatuko nituen. Bestalde, poza ere sentitu nuen. Hilabete aurretik esan zidaten andremarietan Gurean jokatuko al nuen, ezetz esan nien, banekielako zer zetorren. Pilota jaialdirako astebete falta zela, berriro eskatu zidaten andremarietan jokatzeko, orduan baietz esan nien, beste inorekin pilota partida antolatzeko astirik ez zutela edukiko pentsatuta.

Pilota utziko duzulako jaso zenuen omenaldia, baina ez da izan zure azkenengo partida Gurean jokatutakoa.

Abuztuaren 16an Azkoitian jokatu nuen, eta hurrengo egunean Langraitzen. Orain, berriz, esaten ari zaizkit irailean beste bakarren bat jokatu beharko dudala. Azkenean, Ados Pilota bi txapelketa –Udara Caixabank eta Plazaz Plaza– batera ari da jokatzen, eta igoal tokatuko zait partidaren bat jokatzea. Ados Pilotakook izaten ditugu egun bakarrean bi lekutan partidak izaten ditugunak, baita egun batzuk ere hiru tokitan partidak jokatu beharrekoak, eta pilotariok jokatzeaz gainera antolaketa lan guztiez arduratzen gara.

Eneritz Arrieta erdian, Ados Pilotako pilotariekin eta Azkoitiko udal ordezkariekin, abuztuaren 16an, Gurea pilotalekuan. (Aitziber Arzallus)

Nolatan hartu duzu pilota uzteko erabakia?

Adinak ere ja ez duelako barkatzen utziko dut pilota. Horrez gain, emozionalki oso urte gogorra izan da azkenengo hau Adosen, Naroa Etxekolonea –otsailean zendu zen– hil zen eta Andreak [Aldaregia] izugarrizko istripua izan zuen. Banekien nik jokatuko nuen azkenengo txapelketa binakakoa izango zela, baina Etxeko Memoriala txapelketa egitea erabaki genuen, eta hura jokatu gabe ezin nuela erretiratu erabaki nuen. Jokatu dudan azkenengo txapelketa izan zen Naroa Etxekolonearen oroimenezkoa.

2021ean sortu zenuten Ados Pilota emakume pilotarion lehen klub profesionala sortzeko asmoarekin. Dagoeneko lau urte pasatu dira, azken urtea nahiko gogorra izan dela diozu, baina bidea nolakoa izan da?

Hasiera denak izaten dira gogorrak, baina nik uste dut lau urteotan pauso asko eman ditugula aurrera Ados Pilotarekin, harria harriaren gainean jartzen diguten arren. Klubean denok emakumeak gara, ez daukagu gizonik klubean ez dugulako behar, eta batzuk hori ez dute ondo ikusten. Badaude gizon batzuk emakumeen pilotaren kontura aberasten ari direnak, eta horien aldeko apustua egiten dute. Gu pausoak ematen ari gara, pixkanaka-pixkanaka, emakumeak eduki dezaten beren lekua, txikitatik pilotan hasten diren ume horiek eduki ditzaten guk eduki ez ditugun aukerak pilotan bide oso bat egiteko eta profesionaletara iristeko. Pixkanaka, baina ahal duguna egiten ari gara, lan asko dago egiteko, baina ondo joango da kontua.

Egiteko lan asko dagoela esan duzu. Ados Pilotan pilotariok egiten duzue lan guztia, ezta?

Bai, lan denak guk egiten ditugu. Maite Ruiz de Larramendi eta Iera Agirre Iturriaga pilotarien ekimenez sortu zen Ados Pilota eta horiek egiten dute txapelketak-eta antolatzen lan gehiena. Pilotariok azkenean dena egin behar izaten dugu: frontoira joan, frontoian laguntzaileen pegatinak jarri, bideo emanaldirako partidak azaldu, kamerak prestatu, pilotan jokatu, mahaian egon, bukaeran elkarrizketak egin, dena jaso… Guztia egiten dugu, ez daukagulako inoren laguntzarik gauza horiek denak egiteko.

Horrek pilotari gisa eragingo du, ezta?

Bai, baina horrek geure artean laguntasun sendoa sortzea eragiten du, askotan goizetik iluntzera elkarrekin gaudelako… Azkenean, oporretara ere elkarrekin joaten gara... Horrelako lagun girorik ez bagenu izango, hau guztia ez dago aurrera eramaterik, ez da bideragarria.

Herriz herri partidak jokatzea lortu duzuenaren seinale, ala?

Bai, bai. Partida asko ditugu, askotan denera ezin iritsita ibiltzen gara, alde horretatik oso-oso gustura gaude.

Pilota utzita ere, Ados Pilotari lotuta jarraituko al duzu?

Bai, hor segituko dugu. Pilota eskolan ere 40 haur ditugu, eta horiek entrenatu egin behar dira, partidak dituztenean epaile lana egitera ere joan egin behar izaten dugu. Gurea ez da frontoira joan eta pilotan jokatzea bakarrik, dena aurrera eramateko lan asko egin behar dugu. Hor jarraituko dut bata eta bestea egiten.

Non ditu Adosek pilota eskolak?

Nafarroan Latasan eta Sunbillan eta Gipuzkoan Zerainen eta Olaberrian. Gipuzkoa osotik joaten dira Zeraineko eta Olaberriako eskoletara, azpeitiar batzuk ere joaten dira.

Eneritz Arrieta pilotan, abuztuaren 16an Gurea pilotalekuan. (Aitziber Arzallus)

Zu haurra zinenean ez zen pilota eskolarik izango. Nola hasi zinen pilotan?

Etxean, garajeko pareta zaharrean hasi nintzen ni pilotan, lehengusuarekin ibiltzen nintzen. Gero, kasualitatez, nire adineko pilotari batekin egin nuen topo, Olaia Bikendirekin, garai hartan biok ibiltzen ginen pilotan. 13-14 urterekin, ordea, pilota laga beharra eduki genuen guk ere.

Beraz, ez da oraingoa pilota utziko duzun aurreneko aldia.

Ez. Ni hamabost urte edo gehiago pilota ukitu ere egin gabe egondakoa naiz. 15 urtetik 30 urtera pilota jo gabe egon nintzen.

Eta noiz ekin zenion berriro pilotan jokatzeari?

Emakumeen pilota txapelketa batzuk antolatzen hasi ziren, eta probatzea pentsatu nuen. Gustura nenbilen pilotan, baina bazeuden gauza batzuk ez zirenak gure aldekoak, gizonak aberasteko kontuak ziren haiek. Une hartan, Ados Pilota sortu eta han hasi nintzen.

Ados Pilotari lotuta, baina pilotatik ez zarete bizi, ezta?

Guk lan kontratua daukagu Ados Pilotarekin, baina bizitzeko lain ez dugu irabazten eta beste lan bat egin beharra daukagu edota gazteak ikasten ari dira. Pilotako lan kontratuarekin, ordea, gure soldatatxoa daukagu, min hartuz gero baja hartzeko aukera, kotizatzen ari gara…

Emakumeen pilotaren alde asko al dago egiteko?

Ari gara egiten, baina berdintasunera iristeko oraindik asko dago egiteko. Adibidez, jendea emakumeen pilota partidak ordaindu egin behar direla kontzientziatzen joateko, Ados Pilotak partidetarako sarrera bost eurokoa jartzen du eta finaletako sarrera 10 eurokoa. Jendearen galdera izaten da zertarako den sarrerako diru hori. Inork ez du galdetzen mutilen pilota partida ikustera joaten denean zertarako den diru hori, eta ez dira bost euro izaten! Gero, beste batzuk, emakumeen pilota partidak sarrerarik gabe antolatzen dituzte, herri guztian gonbidapenak banatzen dituzte… Telebistan frontoia jendez beteta erakusteak emakumeen pilotaren alde ez du ezer egiten. Guri ez zaigu hala iruditzen behintzat. Guk ez ditugu frontoiak beteko, baina gure aletxoa jartzen ari gara datozen belaunaldiek kontzientzia izan dezaten gure partidak ere ordaindu egin behar direla pilotariok baldintza duinetan jarduteko.

Zein txapelketa jokatu duzu gustuena?

Txapelketa guztiak geuk antolatzen ditugu, eta denetan ibili izan naiz gustura. Lehenengo Plazaz Plaza txapelketan oso gustura ibili nintzen Naroa Etxekolonearekin, lehena zelako edo ez dakit zergatik.

Azkoitiko Pilotari Egunean ere parte hartu izan duzu.

Bai, positiboak dira horrelako aukerak. Azkoitia pilotaren sehaska da, horrek hala izaten segitzeko gauzak antolatu egin behar izaten dira. Herrian bertan umeek emakumeak pilotan jokatzen dutela ikustea oso inportantea da; telebistan ikusteak bakarrik ez du balio, herrian bertan eta herritarrak pilotan ikustea da inportanteena.

Zer eman dizu pilotak?

Lagunak eman dizkit pilotak.

Azkoitiko zein frontoi duzu gustukoena?

Kontzejupea gustatzen zait, ez naiz han asko jokatutakoa, baina gustukoak ditut bere ate, arku… Txorakerirako joko asko ematen duen frontoia da. Trinketea ere piloa gustatzen zait, baina ez dut aukera askorik izan hor ibiltzeko. Aurten, Aste Santuan, Ados Pilotakoak Argentinara joan ginenean trinketean jokatzeko aukera izan genuen, oso polita da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide