Hasi dira lanean Anaitasunaren bi talde nagusiak

Nerea Uranga 2025ko abu. 21a, 09:40

Atzo denboraldi aurreko lehen prestaketan Anaitasunaren Euskal Ligako taldea. (Anaitasuna)

Andremariak aurretik hasi zituen entrenamenduak Anaitasunaren Ohorezko Erregional taldeak. Bihar Anaitasuna, Beasain eta Urola taldeek triangularra jokatuko dute Zumarragan. Euskal Ligako taldeak denboraldi aurreko lehen prestaketa saioa egin zuen atzo, eta "talde polita" dutela nabarmendu du Iñigo Oruesagasti Orue entrenatzaileak.

2025-2026 denboraldirako prestaketak hasi dituzte Anaitasunaren emakumeen Euskal Ligako eta gizonen Ohorezko Erregionaleko taldeek. Gizonen lehen taldea abuztuaren 13an hasi zen entrenamenduekin eta emakumeenak atzo egin zuen lehen entrenamendu saioa.

Euskal Ligan ariko dira Iñigo Oruesagasti Orue-k zuzentzen duen taldeko emakumeak, eta irailaren 20-21eko asteburuan jokatuko dute denboraldiko lehen neurketa, etxean Hernaniren kontra. Lagunarteko partida batzuk ere jokatuko dituzte horiek: abuztuaren 30ean, Tolosan, San Juan futbol zelaian; irailaren 6an Azpeitian Garmendipen, Lagun Onaken kontra; eta irailaren 13an Hernaniren aurka, Zubipen. 

Oruerentzako berria da emakumeen taldea gidatzea, baina jokalariek "ongi hartu" dutela adierazi du lehen entrenamendu saioa egin ostean. "Talde polita" dutela adierazi du Euskal Ligako Anaitasunaren entrenatzaileak. Bost jokalari dira taldea utzi dutenak: Olaizola, Urbieta, Uritz, Irati eta Varela. Anaitasunan jarraituko dute, berriz, Naira Uriak, Intza Paredesek, Nora Uzinek, Enara Anduezak, Lierni Pirisek, Ane Zulaikak, Amaiur Iriondok, Izaro Letek, June Diazek, Maria Juaristik, Jone Sudupek, Arette Egigurenek, Areta Azkuek, Ane Arrizabalagak, Kalare Olaizolak eta Nora Aranbarrik. Emakumeen taldera batu diren berriak dira Bidatz Etxaniz eta Maddi Unanue. Denboraldi aurrekoa Euskal Ligako taldean egingo duten jokalariak, berriz, Maren Ibarbia, Irene Nogales eta Naia Kanpos dira.

Gizonek, bihar triangularra

Loren Barbadok zuzentzen duen Ohorezko Erregionaleko taldeak prestaketa saio batzuk egin ditu dagoeneko, eta bihar, ostirala, jokatuko du lehen lagunartekoa: triangularra jokatuko dute Urolak, Beasainek eta Anaitasunak Zumarragako Argixaon. Hurrena, abuztuaren 30ean, Añorgaren kontra neurtuko dituzte indarrak Txerloian; irailaren 3an Mutrikun dute hitzordua; eta irailaren 6an etxean jokatuko dute Aurrera Ondarroaren kontra. Ohorezko Erregional Mailako denboraldia, berriz, irailaren 13an hasiko da Anaitasunako gizonentzat. Etxean hasiko dute horiek ere sasoia Real Union Bren kontra.

Anaitasunaren Ohorezko Erregional mailako taldea. (Anaitasuna)

Ohorezko Erregional mailako taldean jarraituko dute Aimar Guembek, Galder Guembek, Julen Odriozolak, Jokin Errazuk, Julen Olaizolak, Oihan Etxanizek, Beñat Garmendiak, Unai Perezek, Carlos Juaristik, Hicham Hazimek, Josue Goenagak, Ander Pastrianek eta Julen Larramendik, taldean jarraituko dute. Bestalde, taldera batu dira Aritz Albizuri, Alain Sudupe, Aitzol Zubizarreta, Jon Peña, Julen Aramendi eta Marcus Osamwonyi. Denboraldi aurrekoa Ohorezko Erregional mailarekin egingo dutenak honakoak dira: Ekain Olaizola, Luis Juaristi, Jakes Diaz, Unai Tena eta Denis Galarza.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide