Taldea ia osatuta, denboraldiari ekiteko prest da Domusa Teknik ISB

Julene Frantzesena 2025ko abu. 19a, 08:00

Domusa Teknik ISBko jokalariak aurreko denboraldiaren amaierako partidan, Azkoitian. (Otola)

Fitxaketa bat gauzatzeko faltan, taldea osatu du ISBk. Alazne Lizundia azpeitiarra izango da datorren denboraldian emakumeen lehen taldeko kapitaina, Intza Lizarazuren lekukoa hartuta. Irailaren 1ean hasiko da taldea entrenatzen, eta lagunarteko partida bat eta Euskal Kopa igarota, irailaren 27an hasiko dute Challenge Ligako ibilia.

Emakumeen Domusa Teknik ISB taldeak Challenge Ligan jokatuko du 2025-2026 denboraldian ere, eta dagoeneko ia osatu dute irailaren hondarrean hasiko den sasoirako taldea. Aurreko denboraldiko jokalari blokeak taldean jarraituko du: Maria Otaegi, Alazne Lizundia, Nora Arozena, Sara Iparragirre, Jone Azkue eta Dynn Leaupepe prest dira dagoeneko. Gainera, Lizundia azpeitiarra izango da taldeko kapitaina, Intza Lizarazuren lekukoa hartuta.

Dena den, aurpegi berri batzuk ere izango dira ISBko emakumeen lehen taldean. Izan ere, Ines Vieira, Barbora Tomancova, Elodie Lalotte, Montse Gutierrez eta Skylar Vann batu dira taldera. Horiek denak kontuan izanik ere, beste jokalari batentzat lekua du taldeak oraindik ere, eta ISBk azaldu duenez, beste fitxaketa bat ixteko zain dago kluba.

Talde teknikoaren burua Luis Agirre Katxi azpeitiarra izango da, eta haren laguntzaileak, berriz, Asier Larrañaga eta Xuban Etxeberria herrikideak. Halaber, taldeko delegatu lanetan Jose Manuel Gurrutxaga ariko da, eta prestatzaile fisikoa Iosu Larrañaga Epi, fisioterapeuta Gorka Garate eta medikua Angelo Bizjak izango dira. Katxik bigarren urtez zuzenduko du taldea.

Irailean ekingo diote

Denboraldi aurrea irailaren 1ean hasiko dute emakumeek; orduan hasiko dira entrenatzen. Gero, hil horren 13an Zizur Nagusiko (Nafarroa) Ardoi taldearen aurka jokatuko dute lagunarteko partida, eta hilaren 19an, berriz, Euskal Kopako finalerdia izango dute Ibaizabalen aurka. Txapelketa horren finala, berriz, irailaren 21ean izango da.

Challenge Ligako denboraldi berriko bidea irailaren 27an hasiko du Domusa Teknik ISBk. Hain zuzen ere, Santfeliuenc taldea izango dute etxekoek aurrez aurre, 18:00etan hasita, Azpeitiko kiroldegian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide