Merina Gris: kontzertu bat maskarak kenduta

Ane Insausti ('Berria' egunkaria) 2025ko abu. 16a, 08:00

Merina Gris taldeko kideak. (Utzitakoa)

Zeregin ugari izaten dituzte musikariek kontzertu baten aurretik: furgoneta kargatu, bidaia, oholtza prestatu, soinu proba egin... Eta, amaitzean, dena jaso eta materiala itzuli. Luzea izan arren, prozesu osoak merezi duela esan dute Merina Griseko kideek. Donostiako Aste Nagusian eskaini zuen taldeak kontzertua, asteazkenean, eta emanaldiaren bueltan taldeko kideekin izan zen Berriako kazetaria. Gukak hona ekarri du Ane Insaustiren kronika, gaur Azkoitian izango baita taldea; 23:30ean hasiko da kontzertua.

Hamabost minutu eskas falta dira kontzertua hasteko. Betaurreko galaktikoak jantzi ditu Sarak kamerinoan. Metalezko jaka lotzen lagundu dio Paskali. Lurrera eroritako maskararen zilar koloreko tela zati bat eman dio Paskalek Juleni. Merina Gris taldeko kideak dira, eta Donostiako Aste Nagusian jotzear daude, Flamenkan. Lurrera begira, kontzentrazioaren eta urduritasunaren arteko oreka bilatu nahian igo dute oholtzara eramaten duen aldapa, eta erritu bihurtua duten besarkada eman diote elkarri. "Orain, gozatzera!". Hasi da kontzertua, eta harrera beroa egin diete Flamenkan, aho batez kantatuz: "Lotu zure txakurrak".

Prestaketa askoz ere lehenago hasi da, ordea. 

17:25. Furgoneta zuri bat iritsi da Donostiako Martutene auzoko 27 Poligonora. Maletategia ireki dute Paskalek eta lantalde teknikoko beste hiru kidek, eta entsegu lokalean prest dituzten kaxak bertan sartzen hasi dira: MS siglak dituzte inskribatuta, taldearen ohiko tipografiarekin. Musikarien tresnak dira, eta kontzerturako beharrezkoak diren argien ondoan egin diete lekua, gero deskargatzeko. "Gaur, furgoneta etxean geneukanez, jende gutxiago elkartu gara lokalean, Flamenkara furgoneta bakarrean iristeko", azaldu du Paskalek.

Berehala abiatu dira Flamenkarantz, azken egunetako pasadizoak elkarri kontatuz. Eszenatokiaren atzeko alderaino sartu dira furgonetan, eta atzerako martxan aparkatu dute, hozkailuen, energia sorgailuen, kamerinoaren eta garagardo upelen artean lekua eginez. Orduantxe agurtu dituzte Donostiako Piratetako musika lantaldeko kideak; kamerinoa zein izango den azaldu diete, eta kaxak furgonetatik eszenatokira igotzen hasi dira, denborarik galdu gabe. "Beti bezala, furgoneta kargatu ez dutenak beranduago datoz", esan du Paskalek, barrez.

Handik gutxira agertu dira Julen eta Sara —taldeko kideek ez dute abizenik ematen—, eta taldekideak agurtu orduko hasi dira haiek ere muntaketa lanetan, hara eta hona. Alfonbrak, bateria, teklatua. Kableak hemendik eta kableak handik. Nork bere zeregina du oholtza gainean, Paskalen hitzetan: "Normalean, bakoitza jartzen da bere instrumentua muntatzen, eta laguntza izaten dugu, beste kide bat etortzen delako gurekin. Ordu eta erdi edo bi ordu igarotzen dira iristen garenetik dena muntatzen dugunera arte".

Ordutegiak zorrotz

Ohartzerako, atzerako kontaketan hasten da erlojua, ordutegi zehatz bat izaten baitute taldeek eszenatokia muntatzeko eta soinu proba egiteko. Horixe da Piratetako musika lantaldearen zeregin nagusietako bat, bertako kideek azaldu dutenez: ordutegiak betearaztea. "Ordutegi batzuk ditugu taldeentzako, eta, ez badira errespetatzen, dena berandutzen da. Taldeei aurrez bidaltzen diegu eta esaten diegu bai ala bai bete behar dela. Teknikarien baldintzak bermatzeko modua ere bada, ordu asko ematen baitituzte hemen, eta deskantsatu behar dute". 

Jarraitu kronika irakurtzen Berria-ren webgunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide