Martin Baker organo jotzailearen eta Txalkor txistulari taldearen doinuek hartu dute parrokia

Maialen Etxaniz 2025ko abu. 14a, 10:30

Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, kontzertua eskaini zuten atzo Martin Baker organo jotzaile britainiarrak eta Txalkor Azkoitiko txistulari taldeko kideek. 

Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruko hitzordu berezia izan zen atzo Azkoitian. Hain zuzen, Martin Baker organo jotzaile britainiarrak eta Txalkor Azkoitiko txistulari taldeko kideek kontzertua eskaini zuten Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundearen parrokian, eta ikusmina piztu zuen hitzorduak. Kontzertua Hamabostaldiko Organo Zikloaren barruan eskaini zuten, Idatzitakoaren eta espontaneoaren artean. Euskal doinuen gaineko inprobisazioa, organoan izenburupean. Gerardo Butroeren Po-Pourri de Aires Vascos, Charles-Marie Widorren Troisième Symphonie en mi Mineur Op.13, Nº3 eta Gizon dantza eskaini zituzten, besteak beste. 

Widor artistaren lanak eta inprobisazioak eskaini zituen Bakerrek; izan ere, organista ingelesa ezaguna da nazioartean inprobisaziorako duen trebeziagatik. Txalkor txistulari taldekoek bi pieza eskaini zituzten; horiek inprobisaziorako zenbait melodia eman zizkieten Bakerri, eta organistak, herriko txistularien doinuen hariari jarraituta eskaini zuen emanaldiaren zati bat. 

(Argazkiak: Urtzi Oteiza)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide