Gure hiri gutunaren 700. urteurrena ospatu berri dugun honetan, egokia da 1331n emandako bigarren gutunaren klausula bat irakurtzea. Erregearen mesede hori biztanleek berek eskatuta eman zen, lehen sorrera zapuztu zenean; aldi berean, lekuz aldatu zen herrigunea, ibai ertzera, gaur egun Plazaberri deritzon tokira. Gutun horren xedapenen artean, merkataritzari buruzko batzuk daude; merkatua astero asteazkenetan egin dadila agintzen du. Ondoren, auzotarrek 1413an elkarren artean sinatutako adiskidetasun gutun batean, beren produktuak libreki erosi eta salduko zituztela hitzartu zuten.
Merkatu eguna lausotuz joan zen, harik eta 1765ean, zinegotziek –haietako asko Baskongadakoak– hura berreskuratzea erabaki zuten arte. Handik urte gutxi batzuetara, hilero ganadu azoka bat ere egitea erabakiko zuten, eta aurreko mendera arte iraun zuen azoka horrek, baina ezinbestean amaitu egin zen, udalak hura sustatzeko emandako pizgarriak gorabehera: adibidez, 1915ean, lehiaketak antolatu zituenean. Azkenik, egun aldaketa batzuen ondoren, asteroko merkatua larunbatetan egiten da 1928 ezkero. Aipatu behar da 1752an San Andres azoka orokorra edo urterokoa sortu zela. Hasieran hainbat egunez egiten zen, eta erlijio konnotaziorik gabeko merkatu bat zen, erreferentziazkoa Gipuzkoan. Gogoratu beharreko beste data historiko bat 1910eko Euskal Jaien ospakizunarena da. Egindako jardueren artean, Euskal Herri osorako erreferentzia izan zen azoka handia nabarmendu zen.
Produktuak saltzeko erabiltzen ziren eraikinak udalaren menpe zeuden. Udal administrazioaren arabera ezartzen ziren neurriak, prezioak eta zergak. Udal akta baten arabera, 1570ean, titulartasun publikoko lehen harategi ezaguna eraiki zen Plazaberriren hasieran zabaltzen zen Erdi Aroko plazan. Dokumentuak dioenez, 1546ko sute izugarriaz geroztik, "harategiko ganberatxo" izeneko eremu alokatu batzuetan edo udalak kontratatutako harakinaren etxean bertan saltzen zen haragia. Hori zen haragi-postu ezaguna, XIX. mendearen amaieran harategiak irekitzeko aukera liberalizatu zenean desagertu zena. Geroago, arrandegiaren etxea ere egon zen, inguruko portuetatik iristen ziren arrainak eskaintzen zituena. Hainbat kokaleku izan zituen, baina azkeneko biak hauek izan ziren: Idiakez Ederraren aldamenean, ibairantz joanda, edo udaletxe atzeko baoan, gaur egun etxe estu batek betetzen duen tokian.
Alondegia ere funtsezko erreferentzia puntua zen herriko bizitzan, eta hura kontrolatzeko alondegizainak zeuden, sartzen ziren oinarrizko produktuak eta produktu bereziagoak aztertzeko. Oinarria zerealak ziren, baina baziren, halaber, sagardoa, ardoa, txakolina, olioa, bakailaoa eta bale lumera. Hala ere, denborarekin produktuak aldatuz joan ziren. Notarioen aurrean sinatutako dekretu, kontu edo agiri liburuek ederki ematen dute Azkoitiko hornikuntzaren historiaren berri. Haietan jasota daude elikagai berriak sartzen ziren garaiak, edo oparotasun nahiz eskasia garaiak. Bazegoen Miserikordia Kutxa bat, 1545etik zereal gordailu gisa funtzionatzen zuena, eta premia garaitan lagungarri zena, behartsuei kostu eta onura txikiko kreditua ematen baitzizkien. Gure historia luzean, oso garai gogorrak pairatu ditugu gerra, pandemia eta zerga orokortuen ondoriozko elikagai premiak direla medio, eta, behin baino gehiagotan, errebolta eta matxinada nabarmenak eragin dituzte, 1766ko ezagunaren aurretik eta ondoren.
Gaur egungo udaletxea eraiki zenetik aurrera, 1730ean, eta arkupeetan zezendegia eta alondegiak jarri zirenetik, plazako karrerapeek osatzen dute gure merkatuaren edo merkatuen irudia. Izan ere, azken hiru mendeetan gure merkatua garatzeko balio izan duten lau gune kontserbatzen dira hemen.
Lehenik eta behin esandako kontzejupea dugu, bere alondegiarekin, aspaldiko transakzio formulen oinordekoa. Ondoren, aurreko etxea (Presalde denda eta Dean puba dituena), barazki plaza deitutako lehena. XIX. mendea jada aurreratuta zegoela sortu zen, gaixotasun askoren iraupena ikusirik osasunaren eta higienearen arloan garatutako kontzientziari esker. Gaur egun, eraikinak zenbait aldaketa ditu fatxadaren altuera eta baoetan, baina jatorrizko egituraren zati bat mantentzen du: barruan burdinazko zutabeak ditu oraindik eta, batez ere, oraindik baditu arkupeetako baoak, salmenta postuetarako zirenak. Lehen eraikina 1867tik aurrera eraiki zen. Ignacio Maria Uria peritu lur neurtzaileak diseinatu eta zuzendu zuen, eta Antonio Ordorikak egin, "herrigune izan zedin, herritarrek zein kanpotarrek behar zituzten premia larriko gai guztiak aurki zitzaten". Jose Frantzisko Artetxeren eta Maria Teresa Suduperen Zesterokoako etxea eta ortua aukeratu zuten; Gaztan izenez ezagutzen den familiakoa. Udalak haiekin adostu zuen arkupeak eta baoak egitea, eta berriro altxatu zituen bizitzeko etxea eta plazara begira dagoen fatxada.
Baina gune hori txiki geratu zen mende horren amaierarako; izan ere, bertako saltzaileez gain, saltzaile ibiltariak ere aritzen ziren bertan. Bertako arkupeak eta udaletxekoak salgaiez betetzen ziren, eta, gainera, alondegiak –nahiz eta atzealderantz ere zabaldu, arrandegien aldera– ez zuen ematen salgaiak eroso biltegiratu eta saltzeko aukerarik. Horregatik, 1903an, jasotako kexak zirela bide, eta merkatu, alondegi eta eskola publiko berri bat eraikitzeko hainbat aukera aztertu ondoren, Torre Zuri etxea erostea erabaki zen: orduko hartan Felizia Hurtado de Mendoza andrearen etxea zena, Plazan. Eraikina Manuel Etxabe arkitektoak diseinatu zuen, Donostiako Artzain Onaren Katedralaren planoen egileak. Obra Nikolas Unanuek gauzatu zuen, eta 1905ean amaitu zen, baina, bitxiki, ez zen ehun urte igaro arte burutu, karilloi erlojua jarrita. Alondegiko eremua antzerki eta kontzertuetarako eszenatokia izan zen Olinpia Zinema eraiki arte. Ondoren, dendak irekitzeko erabili zuten, eta solairuartea, berriz, beste zerbitzu publiko batzuetarako.
Dena dela, herria sortu zenetik izandako eraldaketa handienaren hamarkadan egindako jarduketa aipatu behar dugu, azoka plaza edo barazki plaza ere aldatu ziren-eta orduan. Joan den mendeko hogeiko hamarkadan izan zen. Gizarte zibilaren sendotze unerik gogorrenetako batek markatu zuen haren hasiera: lock-out ezaguna, langileen greba eta patronalak abarketa-enpresa itxi zuenekoa, 1920an. Garai hartan, emakumeek langileen jardueran parte hartzen zuten, baita aldarrikapenen buruan ere. Hori guztia integrismoak markatutako udal testuinguru batean, non karlistak eta, neurri txikiagoan, nazionalistak zeuden, hazkunde ekonomiko betean, eta demokraziari, lehen mundu gerraren ondoren berreraikitzeari eta etxebizitza beharrari, osasunari, emakumearen zereginari, higieneari eta antzeko eskubide sozialei buruz eztabaidan ari zen Europa batean. Aurrez inoiz ez bezalako aldaketa fisikoa izan zuen Azkoitiak. Etxebizitza sozialak eraiki zituzten gaur egun Julio Urkixo etorbide deritzan tokian eta San Martinen; Urolako trenbidea, Floreagako eskolak, Jesusen Bihotzaren plaza, egungo Plaza Berria eta Ibai-Ondo kale edo zeharbidea iritsi ziren; eta, 1924an, merkatua harantz zabaltzea erabaki zen, ibaiaren zati bat estaliz, Ramon Pagola ingeniariaren estudioarekin. Hurrengo urtean, 1925ean, Tomas Bilbao arkitekto eta politikari prestigiotsuak estilo eklektiko nazionalistan diseinatu zuen eraikina, eta, lau urte geroago, Odon Pratek egindako lanak ikuskatu zituzten. Azkenik, aipatu behar da duela hogeita bost urte nahita piztutako sute batek eremuetako bat suntsitu zuela, eta espazio hori berriz egituratu zela; hala, gune irekiago bati eman zitzaion bide, Ikurriñaren Plazaren aldamenean. Orain, berriz ere, eraikinaren estetika eguneratzen da, eta, batez ere, aintzat hartzen dira elkargune historiko honi arima jartzen dioten pertsonak.
Bejondeizuela, urte askotarako!