Gipuzkoako Xake Txapelketako hirugarren mailako partidak Azkoitian jokatuko dituzte urriaren 11tik azaroaren 22ra bitarteko zapatuetan. Izan ere, Gipuzkoako Xake Federazioak jarritako gutxieneko xakelari kopurura iritsi dira. Kultur Etxean izango dira partidak, 16:00etan hasita.
Anaitasuna-Kakute xake taldea arduratuko da ekitaldi horiez, eta taldeak aurreratu duenez, dagoeneko 30 jokalarik eman dute txapelketarako izena; herriko xakelari batzuek ere bai, tartean. Bestalde, San Andres xake txapelketan, gaur-gaurkoz, 64 lagun daudela izena emanda aurreratu du taldeak.
Halaber, uda sasoia izanik, Anaitasuna-Kakuteko bazkideek torneotxo bat jokatu zuten joan zen asteazkenean. Loïc Fournier frantziarraren bisita izan zuten horiek, eta hain zuzen, hark irabazi zuen lehia; izan ere, ez zuen partida bat bera ere galdu. Jose Joakin Larrañaga izan zen bigarren, eta Juan Carlos Valor hirugarren.