Aurrera doaz Floreagan hirugarren igogailua eraikitzeko lanak

Julene Frantzesena 2025ko abu. 9a, 07:50

Hirugarren igogailua jartzeko lanak aurrera doaz. (Azkoitiko Udala)

Apirilean hasi ziren Floreagaberri kalea eta Atanotarren plaza lotuko dituen plataformak eta igogailua eraikitzeko lanekin. Igogailu horren sarbidea Floreaga Berri kalearen bukaeran egongo da, auzoaren goiko aldera igotzeko eskailerak hasten diren tokian. Floreagako irisgarritasuna hobetzeko helburuz ari da Azkoitiko Udala auzo horretan igogailuak jartzen.

Joan zen apirilean hasi ziren Floreaga auzoan hirugarren igogailua jartzeko lanekin, eta lau hilabete igarota, nabaria da obrak aurrera doazela. Izan ere, dagoeneko ikus daitezke bi pasabideen egiturak Floreagaberri kalean eta Atanotarrak plazan –bi leku horiek lotuko ditu plataforma berriak–.

Floreagako irisgarritasuna hobetzeko helburuz ari da Azkoitiko Udala auzo horretan igogailuak jartzen. Hirugarren igogailua jartzeko lanen aurrekontua 999.038 eurokoa da, eta bereratzi hilabeteko epean izango dira bukatuta –epe hori du obrez arduratzen ari den Egurki enpresak–.

Plataformak jartzen ari dira. (Azkoitiko Udala)

Igogailu horren sarbidea Floreaga Berri kalearen bukaeran egongo da, auzoaren goiko aldera igotzeko eskailerak hasten diren tokian. Igogailuak, gainera, bi geraleku izango ditu: Izarraitz kaleko 3. zenbakiaren parean, bata; eta bolatokiaren ondoan, eskailerak bukatzen diren tokian, bestea.

Bost fasetik hirugarrena

Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko obrak bost fase ditu, eta dagoeneko lehen biak bukatuta ditu Azkoitiko Udalak. Hain zuzen, hirugarrena ari da egiten orain erakundea.

2021eko urriaren bukaeran jarri zuten martxan lehenengo igogailua, eta bigarrena, berriz, 2023ko abuztuaz geroztik dago erabilgarri. Hirugarrena jartzeko lanak, berriz, urtarrilera arteko epean bukatu beharko ditu lanak egiten ari den enpresak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide