Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatzeko elkarretaratzea deitua zuen lagun talde batek gaur arratsalderako, eta haien deialdiari erantzunez, lagun ugari elkartu dira plazan. Ordu laurdeneko kontzentrazioa egin dute han bildutakoek, Palestinako banderak eskuetan, batez ere, han gertatzen ari denaren aurrean "mutu eta besoak gurutzaturik" gelditzerik ez dagoela uste dutelako.
Elkarretaratzearen deitzaileen arabera, gazatarrek bizi duten genozidioa "planifikatua eta krudela" da, eta horren aurrean, barrenean, "dardara, sua, harridura, haserrea, inpotentzia, ezintasuna, tristura, etsipena eta abar" sentitzen dituztela azaldu dute. "Egunero iristen zaizkigun argazkiek, audioek, bideoek eta testigantzek bihotza malkotan itotzera garamatzate", adierazi dute.
Ez dute irakurketa historikorik eta politikorik egin, eta esan dute ez daukatela soluzio errezetarik, baina azpimarratu dute gizakiaren historian izan diren "kapitulurik beltzenak" idatziko dituela Gazan egunero pairatzen ari diren krudelkeriak.