Gutxi falta da futboleko 2025-2026 denboraldia hasteko, eta mailaz maila, taldeak dagoeneko hasiak dira, era batera edo bestera, sasoi berria prestatzen. Anaitasunako gizonen lehen taldea, esaterako, datorren astean hasiko da entrenamenduekin, eta andremarien ostean ekingo die lagun arteko partidei.
Denboraldia hasterako hainbat neurketa jokatuko dituzte Loren Barbadok zuzentzen duen taldeko jokalariek: abuztuaren 22an triangularra jokatuko dute Urolak, Beasainek eta Anaitasunak Zumarragan; abuztuaren 30ean Añorgaren kontra neurtuko dituzte indarrak etxean; irailaren 3an Mutrikun dute hitzordua; eta irailaren 6an Txerloian jokatuko dute Aurrera Ondarroaren kontra. Ohorezko Erregional Mailako denboraldia, berriz, irailaren 13an hasiko da Anaitasunako gizonentzat.
Joan zen denboraldiaren bukaeran jokalari batzuek utzi egin zuten taldea, baina Aimar Guembek, Galder Guembek, Julen Odriozolak, Jokin Errazuk, Julen Olaizolak, Oihan Etxanizek, Beñat Garmendiak, Unai Perezek, Carlos Juaristik, Hicham Hazimek eta Josue Goenagak, Ander Pastrianek, Julen Larramendik, Aritz Albizurik eta Alain Sudupek taldean jarraituko dute. Bestalde, taldera batu dira Aitzol Zubizarreta, Jon Peña, Julen Aramendi eta Marcus Osamwonyi, besteren artean.
Emakumeak ere prest
Emakumeen lehen taldea ere denboraldiaren prestaketei ekitear da. Datorren sasoian ere Euskal Ligan ariko dira Iñigo Oruesagasti Orue-k zuzentzen duen taldeko emakumeak, eta abuztuaren 20an hasiko dira entrenamenduekin.
Lagun arteko partida batzuk jokatuko dituzte horiek: abuztuaren 30ean, Tolosan; irailaren 6an Azpeitian, Lagun Onaken kontra; eta irailaren 13an Hernaniren aurka –zehazteko dute non jokatuko duten–. Denboraldia, berriz, irailaren 21ean hasiko dute.
Taldea osatzen ari da Anaitasuna, baina dagoeneko eman du fitxaketa batzuen berri. Emakumeen taldera batuko dira, adibidez, Bidatz Etxaniz eta Maddi Unanue.