Andremari jaietan gaueko autobus zerbitzu bereziak izango dira Azkoitia eta Zumaia artean

Julene Frantzesena 2025ko abu. 6a, 08:00

Autobus bat, gauez, Loiolan.

Abuztuaren 14an, 15ean eta 16an gauez hainbat joan-etorri egingo dituzte autobusek Azkoitia eta Zumaia artean.

Andremari jaietan autobus zerbitzu bereziak eskainiko ditu Lurraldebusek. Abuztuaren 14an, 15ean eta 16an gauez hainbat joan-etorri egingo dituzte autobusek Azkoitia eta Zumaia artean, herritarrek modu "jasangarrian, erosoan eta seguruan" goza dezaten jaiez.

Hiru egun horietan, Azkoitiko Xabier Munibe kaletik (Jaizkibel liburutegiaren ondoko geltokia) aterako dira autobusak 00:40an, 01:30ean, 02:40an, 03:30ean, 04:40an eta 05:30ean. Autobus horiek Azpeititik eta Zestoatik igarota, Zumaiara joango dira. Gainera, hilaren 15eko goizalean 06:40an ere aterako da autobusa Azkoititik.

Halaber, abuztuaren 16an, zapatua izango denez, gauean ohiko zerbitzuak eskainiko dituzte UK45G eta UK46G lineetako autobusek. Bestalde, abuztuaren 19ko goizaldean autobus zerbitzu berezi bat izango da Azkoitia eta Errezil artean; 03:30ean abiatuko da Azkoititik.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun sailak jakinarazi duenez, Azkoitiko Udalaren eskaerari erantzunez, eta "beste herri batzuetan bezala", gaueko autobus zerbitzuak indartu egingo ditu. Azahara Dominguez diputatuak esan duenez, halako egunetan garraio publikoa indartzeak herri guztiei aisialdirako sarbidea bermatzea ahalbidetzen du; "Norberaren autoa eduki ala ez alde batera utzita, segurtasuna indartzeko funtsezko neurria da autobusak jartzea, bereziki gazteen artean". Hark azpimarratu duenez, herri txikietan garraio publiko bidezko konexioa bermatzea herri horiek "bizirik mantentzeko" modua ere bada.

Azkoitiko alkate Ana Azkoitiak esan duenez, "zorionez gero eta kontzientziatuago" daude gizartea eta gazteak. "Badakite festak, kontsumoa eta autoa ez direla bateragarriak, eta horregatik, garrantzitsua da alternatibak eskaintzea, denek izan dezaten andremariez gozatzeko aukera, errepidean beren eta besteen bizitzak arriskuan jarri gabe", esan du hark.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide