GUTUNA

Emakumeontzat ere, mendiak bizirik eta aske

Olatz Aranguren 2025ko abu. 5a, 11:16

Irimo mendia. (Wikilok)

Olatz Arangurenek honako gutun hau bidali du Gukaren erredakziora joan zen igandean, Irimotik bueltan, Antzuolako bidegurutzearen parean, gizon batek zakila aterata zuela laguntza eskatu ziola salatzeko.

Igande honetan, Komisolatzan kotxea utzi eta Irimora joan nintzen oinez.  Beheraka nentorrela, Trekutzeko Gaztelu elkartea pasatu eta atzeko bidetxurrean, gaztainondoen artean, Antzuolako bidegurutzea dagoen inguruan, basoan, mutil bat zegoen. Zuhaitz batean erdi etzanda zegoen, postura arraroan.

"Epa" esateko begiratu nion, eta zentzurik gabeko zerbait esan zidan. "Barkatu?", galdetu nion, eta berriro zentzurik gabeko zerbait. "Barkatu?", eta berriro zentzurik gabeko zerbait. "Barkatu?". "Zer ordu da?", galdetu zidan. Nik motxilatik mugikorra atera eta 17:00ak puntuan zirela esan nion. 

Mugikorra motxilan sartu eta beheraka abiatzera nindoala, "lagunduko didazu?", galdetu zidan. Pentsatu nuen zerbait gertatu zitzaiola, laguntza behar zuela... Gerturatu ahala konturatu nintzen zakila aterata zeukala eta laguntza horretarako eskatzen ari zitzaidala...

Inuzente-inuzente harrapatu ninduen. Haizea hartzera bidali nuen, eta beheraka abiatu nintzen, tarteka atzera begiratuz, beldurrez.

Ertzaintzara joan naiz, eta esan didate halakoetan ezin izaten dutela ezer egin. Argazkia beharko luketela. Baina niri momentu hartan alde egitea besterik ez zitzaidan okurritu.

Antzuolako, Urretxuko, Zumarragako, Azkoitiko edo Bergarako herritarrei pasatu nahi nieke abisua; izan ere, ez nuke nahi ez niri ez beste inori berriro halakorik gertatzerik. Jarrera horiek errotik moztu behar direla iruditzen zait, jendarte ez oso osasuntsuaren sintomak direla eta denoi dagokigula neurriak hartzea.

Mendian lasai, eta, hala nahi badugu, bakarrik gozatzeko dugun aukera mugatzen digute emakume izate hutsagatik, eta guk ere mendiez gozatu nahi dugu, lagunduta edo bakarrik, bizirik eta aske.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide