Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruko hitzordu bat izango da aurten ere Azkoitian. Etzi, asteazkena, Martin Baker organo jotzaile britainiarrak eta Txalkor Azkoitiko txistulari taldeko kideek kontzertua eskainiko dute Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundearen parrokian. 20:00etan hasiko da kontzertua, eta doakoa izango da.
Widor artistaren lanak eta inprobisazioak eskainiko ditu Bakerrek; izan ere, organista ingelesa ezaguna da nazioartean inprobisaziorako duen trebeziagatik. Gainera, Txalkor txistulari taldekoek bi pieza joko dituzte emanaldian; horiek inprobisaziorako zenbait melodia emango dizkiote Bakerri, eta organistak, herriko txistularien doinuen hariari segiz eskainiko du emanaldiaren zati bat.
Kontzertua Hamabostaldiko Organo Zikloaren barruan eskainiko dute, Idatzitakoaren eta espontaneoaren artean. Euskal doinuen gaineko inprobisazioa, organoan izenburupean. Gerardo Butroeren Po-Pourri de Aires Vascos, Charles-Marie Widorren Troisième Symphonie en mi Mineur Op.13, Nº3 eta Gizon dantza joko ditu, besteak beste.