Gazako genozidioa salatzeko elkarretaratzea deitu du lagun talde batek ostegunerako

Julene Frantzesena 2025ko abu. 4a, 10:29

Haur bat bizikletaren gainean, Gazan. (Utzitakoa)

Plazan jarri dute hamabost minutuko kontzentrazioa egiteko hitzordua, 19:00etan. Deitzaileek azaldu dutenez, gazatarrek egunero bizi duten genozidio "planifikatu krudela" tarteko, ezintasuna eta etsipena sentitzen dituzte. Halaber, esan dute ez daudela prest "mutu eta besoak gurutzaturik" geratzeko.

Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatzeko elkarretaratzea deitu du lagun talde batek ostegunerako. Plazan jarri dute hamabost minutuko kontzentrazioa egiteko hitzordua, 19:00etan.

Deitzaileek azaldu dutenez, une honetan, gazatarrek egunero bizi duten genozidio "planifikatu krudela" dela eta, barruan "dardara, sua, harridura, haserrea, inpotentzia, ezintasuna, tristura, etsipena eta abar" sentitzen dituzte. "Egunero iristen zaizkigun argazkiek, audioek, bideoek eta testigantzek bihotza malkotan itotzera garamatzate", adierazi dute.

Argi utzi dute ez dutela irakurketa historikorik edo politikorik egingo, eta esan dute ez daukatela soluzio errezetarik, ez delako hori beren asmoa eta ez orain horretarako momentua. "Homo sapiens espeziaren historia laburrean, egun Palestinan, eta zehazki Gazan, egunero pairatzen ari diren krudelkeriak, tamalez, gure historiaren kapitulurik beltzenak idatzio dituelakoan gaude", gaineratu dute.

Horren aurrean, duten "ardura historikoaren eta etikoaren jabe" izanik, esan dute ez daudela prest "mutu eta besoak gurutzaturik" egoteko. Horregatik, herritarrei osteguneko elkarretaratzean parte hartzeko deia egin diete.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide