Euskal jatorriko amerikarrek bost urtero antolatzen duten Jaialdia egiten ari dira egunotan Boisen (AEB), eta ohikoa den moduan euskal komunitate zabala elkartu da Idahoko hiriburuan, euskal sustraiei omenaldia egiteko zein Euskal Herritik herrialde horretara joandako belaunaldiak gogoratzeko asmoz.
Tartean izango dira Euskal Herriko ordezkariak, hala nola politika, kultur eta kirol mundukoak. Horien artean da, esaterako, Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolaria. Izan ere, azkoitiarra erakustaldia eskaintzekoa da gaur, beste hainbat herri kirolarirekin batera.
Ordezkariak ez ezik, bisitari ugari ere erakartzen ditu Boseko Jaialdiak, eta hain zuzen, Azkoitiko eta Azpeitiko lagun talde bat ere joan da hara: Trikilintxo. Izenak dioen moduan, hainbat trikitilarik eta trikiti zalek osatzen dute taldea, eta bere kabuz antolatuta joan da kuadrilla Jaialdira. Trikilintxokoek kontzertu bat ere eskaini dute Penggillys Salon aretoan, Basque Block gunetik 200 bat metrora.