Agintaldiaren aurreneko bi urteetan egindakoa bilduz Azkoitiko Udalak duela egun batzuk argitaratutako Kontuak Ematen aldizkariaren "erabilera alderdikoiak" zein udal gobernuarekin izandako "tira-birak" bultzatuta, agerraldia egin zuen atzo Azkoitia Bai herri plataformak. Beste behin, udalak argitaratzen duen aldizkariaren aurka daudela berretsi zuten udaleko hautetsi Jose Joakin Etxanizek, Nerea Machadok eta Janire Astigarragak, eta datorren urtera begira "alderdi baten propaganda egiteko partida" kentzeko asmoa azaldu zuten, "oposizioak duen gehiengoa aprobetxatuta".
Agintaldiak orain arte eman duena baloratzeko ere probestu zuten hiru hautetsiek prentsaurrekoa, eta salatu zuten iaztik "gainbeheran" dela udal gobernuak agintaldiaren hasieran erakutsi zuen elkarlanerako jarrera: "Lehen urtean, udal aurrekontuak adostasun zabalez atera genituen aurrera. Oposizioak bere ardura bete zuen, eta horren adibidetako bat da gaur egun udala UEMAko kide dela, nahiz eta udal gobernuak bestelako alternatiba bat zuen mahai gainean. Tasa eta zerga politiken inguruan ere elkarlana gailendu zen, eta talde guztiek izan zuten ekarpenak egiteko aukera".
Lehen urte hartan, ordea, "akats politiko garrantzitsuena" Tokiko Gobernu Batzordearen osaketan gertatu zela azaldu zuen plataformak, haren arabera, "herritarrek udal gobernuari eman ez zioten gehiengoa" batzorde horretan esleitu zitzaiolako hari. Taldeak gogoratu zuen batzorde horretan obren gaineko "bideragarritasun, baimen eta bestelako erabaki estrategikoak" hartzen direla, eta jakinarazi zuen han bitan onartu dela zentral eolikoak eraiki aurretik beharrezkoa den dorre anemometrikoa eraikitzeko obra baimena, "oposizioko gehiengoa kontra agertu den arren". Taldearen arabera, gainera, gai hori herrian "isildu" bada ere, ez dago itxita: "Baimen hori iraungi egin da berriro, eta bertan behera gelditzeko espedientea martxan jartzea lortu dugu. Capital Energy enpresari jakinarazpena bidali zaio, eta erantzunaren zain gaude. Argi diogu: ez gaude prest gure mendiek enpresa batzuen irabazi ekonomikoen mende sufri dezaten. Herriaren interes orokorra lehenetsi behar da".
2023an "ilusioz eta konpromisoz" hasitako agintaldiak iaz bestelako itxura hartu zuela nabarmendu zuten zinegotziek. Haien arabera, "'elkarlan' hitza politikaren hizkeratik desagertzen" hasi zen orduan, eta "oposizioko alderdi baten bat-bateko jarrera aldaketaren" ondorioz, proposamen batzuk alde batera utzi eta beste batzuk onartu zirela azaldu zuten. Azkoitia Baik, ordea, defendatu du proposamen horiek "zentzuzkoak" zirela, eta honakoak jarri ditu adibidetzat: "AEKrentzako lokal egokien azterketa egitea, egoitza herrira jaisteko lehen pausoak eta herritarren parte hartzea indartzeko teknikari bat kontratatzea. Oraindik ez dugu ulertzen oposizioko beste alderdiak proposatutako ekarpenak zergatik baztertu zituzten. Aurrekontuak hobetzeko aukera galdu zela uste dugu, eta horregatik ez genion gure babesa eman".
"Erasoen urtea"
Aurten, berriz, egoera are gehiago okertu dela salatu zuen herri plataformak, agintaldiaren hirugarren urtean "erasoak protagonismoa" hartu duela esanda. "Azken hilabeteetan LGTBI+ kolektiboaren edota herrian etxebizitza babestuak egitearen aurka gaudela zabaltzen ari dira. Ordea, enegarrenez esan behar dugu mozioen eta adierazpenen aurka gaudela gu. Herritarrek hurrengoa entzungo dutena izango da San Martin auzorako igogailua egitearen aurka gaudela, guk igogailu hori egiteko beste irtenbide batzuk aurkeztu baititugu, eta aztertzea soilik nahi izan ez dutelako, udal gobernuak aukeratutako proiektua egitearen kontra bozkatuko dugu".
Informazio eskubideaz eta horretarako "oztopoez" ere hitz egin zuten hiru zinegotziek agerraldian, eta salatu zuten oposizioaren lana behar bezala egiteko ezinbesteko informazioa jasotzea "zaildu" diela udal gobernuak. "Lehen, herritarren erregistro sarrerak ia zuzenean kontsulta zitezkeen; gaur egun, eskaera oro Alkatetzatik pasatu behar izaten dute".
Bestalde, udaleko lan dinamika "inertziaz" doala aurrera adierazi zuten, eta "berrikuntzarako planteamendurik, ausardia arrastorik eta etorkizunerako estrategiarik" ez dagoela gaineratu. Plataformaren ustez, horrek herria moteldu egin du, eta "geldialdia" eragin dinamika sozialean eta ekonomikoan.
Bere aldetik, Azkoitia Bairen lan egiteko modua "gardentasunean, entzute aktiboan eta konpromiso errealean" datzala azaldu zuten zinegotziek, eta horregatik, aurreratu zuten "neurri praktiko bat" jarriko dutela martxan: astean behin herritarren arreta eguna egingo dute udaletxean. "Edozein herritarrek aukera izango du gurekin zuzenean egoteko".