Izan al zara inoiz Azkoitiko Andre Maria jaietan? Ezagunak al zaizkizu festak?
Txikitatik ezagutzen ditut Azkoitiko andremariak. Izan ere, ama azkoitiarra dut, eta, beraz, alde horretako familiakoak bertan bizi dira. Txikitatik joan izan naiz Andre Maria festetara, ez parranda egitera, baina gogoan dut oraindik Caritasek jartzen zuen tonbolara joaten ginela txartel batzuk erosi eta ea zorterik genuen ikustera. Egun batzuk Azkoitian pasatzen genituen.
Azkoitian eskainiko duzu kontzertua abuztuaren 14an, andremarietako egitarauaren barruan. Lehendabiziko aldia izango al duzu Azkoitiko plazako oholtzan?
Huntza taldearekin izandakoa naiz Azkoitian kontzertua ematen; urtea ez dut gogoan, baina duela hiruzpalau urte izan zela esango nuke. Orain, baina, bakarka arituko naizen lehendabiziko aldia izango da. Lotura zuzena duzu herriarekin, zure ama bertakoa baita.
Berezia izango al da zuretzat Azkoitiko kontzertua? Familiakoen eta gertukoen aurrean abestu behar izateak ardura berezia sortzen al dizu?
Bai, berezia izango da, dudarik gabe. Horrelako kasuetan, gertukoak publikoan daudela dakidanean, errespetu handiagoa ematen dit kontzertua eskaintzeak. Jende ezaguna egon ohi da begira, eta haien iritziek axola didate. Badakit dena ederra irudituko zaiela, baina horrek ez du kentzen nik neure buruari jartzen diodan presioa. Bi gauza desberdin dira. Baina egia da, era berean, ilusio berezia egiten didala kontzertua Azkoitiko plazan emateak; Huntzarekin ilusioa egin zidan, eta orain ere gauza bera sentitzen dut. Ea nola joaten den!
Bakarkako lehen diskoa kaleratu zenuen iazko urtearen amaieran. Nola deskribatuko zenuke 'Amaineman' izeneko lana?
Izenburuak dioen bezala, amain eman egiteko diskoa da; hau da, zeure burua eramaten uztekoa. Hori da amain eman esamoldearen esanahia. Diskoa egiterakoan ez nintzen itxi estilo jakin batera, eta ez nintzen lotu Huntzatik zetorren ideiara. Saiatu nintzen nahi nituen soinuak bilatzen eta ateratzen zena atera zedin uzten; hala sortu zen 'Amaineman'. Sortu genituen abestiak bildu nituen disko horretan.
Estilo jakin batera ez zenuela lotu nahi esan duzu, baina trikitia eta elektronika dira diskoaren oinarriak; biak uztartu dituzu lanean. Zergatik bi estilo horiek? Ez dirudite ondo lotu daitezkeen bi estilo direnik...
Nahiz eta hasiera batean uztartzeko zailak izan daitezkeen bi estiloak, oso natural atera zait. Lasturkoa izanda, beti izan dut presente trikitia. Nire historia laburrean, trikiti txapelketetan parte hartu izan dut; gero, Huntza sortu genuen, eta talde hartan ere trikitia zen ardatz nagusia. Ama hizkuntza euskara dudan bezala, nire ama instrumentua trikitia dela esan dezaket; instrumentu horrekin sortzen dut. Niretzat familiako instrumentua da trikitia. Horrez gain, betidanik gustatu zait musika elektronikoa. Itziar inguruko gazteok badugu Txitxarrok utzi zuen herentzia hura, eta beti izan dugu presente musika elektronikoa. Hala, oso natural atera zait bi estiloak nahastea.
Zer moduzko ibilbidea egiten ari da diskoa? Zer-nolako erantzuna jaso du?
Egia esan, oso ondo ari da funtzionatzen. Banuen beldurra; azkenean, Huntza bezalako talde bat atzean utzi genuen, hain ondo funtzionatu zuena, eta orain, bat-batean, bakarka hastean, nork zekien zer harrera izango zuen proiektu berriak. Batzuei oso ondo joaten zaie aldaketa; aldiz, beste batzuek ez dute zorte bera izaten. Ez nenkien nire kasuan zer gertatuko zen, eta hankak lurrean izan ditut zentzu horretan. Oraindik ere halaxe izaten jarraitzen dut, baina, egia esan, harrituta nago proiektu berria plazetan, herrietan eta kontzertuetan izaten ari den erantzunarekin. Oso gustura nago. Izan ere, Huntza taldearen arrakasta handia izan zen.
Zer litzateke zuretzat arrakasta orain? Huntzak izandakoa errepikatzea, adibidez? Edo non dago zure muga?
Diskoa sortzen hasi nintzenean, nire lehenengo helburua Huntzarekin ahalik eta gutxien konparatzea zen. Nire ibilbide propioa zen hasi behar nuena, beste proiektu bat, eta helburua ez zen Huntza iritsi den lekura iristea. Nire ibilbidea egin nahi dut, eta nire abestiekin eta egiten ari naizen guztiarekin noraino heldu naitekeen ikusi.
Azkoitiko kontzertura bertaratzen direnek zer ikusi ahalko dute?
Nire ibilbide eta proiektu propio hori bertatik bertara ikusteko aukera izango dute, eta aurtengorako prestatuta dudan ikuskizunaz gozatu ahal izango dutela uste dut. Beraz, etor daitezela.