Nolatan lagundu zenuten iazko herri bazkarian? Zer-nolako esperientzia izan zen?
Eneko Aizpuru: Nire kuadrillako bat zinegotzia da udalean, eta laguntza eskatu zigun. Esan zigun jendea behar zutela herri bazkarian laguntzeko, eta animatu egin ginen.
Mikel Arregi: Egia esan, ilusio handirik gabe eman genuen baiezkoa, baina, era berean, onartu beharra dut espero nuena baino askoz errazagoa eta entretenigarriagoa izan zela egin beharreko lana.
Erreleboa guztiz hartzeko asmoz? Jende edota laguntza gehiago beharko zenukete?
M.A.: Aurten ere bertan izango gara laguntzen, baina ez dut uste urte askoan jarraituko dugunik.
E.A.: Batzuk urte luzez aritu dira herri bazkariarekin laguntzen, eta erreleboa hartzeko jendea behar da, baina ez dakit gu izango garen errelebo hori hartuko dugunak...
Ion Alberdi: Konpromiso handiegia da. Nik, eta niregatik hitz egiten dut, ezin dut ziurtatu urtero Azkoitian izango naizenik data horietan.
E.A.: Abuztuaren erdian dira festak, eta horrek badu eragina. Bertan bagaude, lagun dezakegu.
Zer lan eragiten du herri bazkaria antolatzeak? Nola antolatu zineten iaz?
M.A.: Udalak antolatzen du dena, eta oso ondo kudeatzen du guztia. Udal langileek esaten dute bakoitzak zer egin behar duen, zenbat denboraz... Kopuruak eta denborak oso ondo kontrolatuta dituzte. Arrozari bueltak eman eta ez dadila erre; horiek dira, batik bat, egin beharrekoak.
I.A.: Iaz oso esperientzia ona izan genuen. Txarrena da herri bazkaria festen azken egunean izaten dela, abuztuaren 18an, eta iristen garen moduan iristen gara egun horretara. Hala ere, udalekoek esaten dizute zer egin behar duzun: haragia, txorizoa eta bestelakoak moztuta ekartzen dituzte, eta beraz, guk egin beharreko lana ez da gehiegizkoa izaten. Gainera, gainontzeko pertsonekin giro ona sortzen da, eta pintxo bat hemen, pote bat han, erraz pasatzen da denbora.
E.A.: Aurreko urteetan laguntzen ibilitako pertsonak ere azaldu ziren, eta gomendioak eman zizkiguten. Dena ondo atera zedin bermatu nahi zuten.
Lan asko pilatzen al da?
E.A.: Ez da lan gehiegi izaten, baina jendea behar da: udaleko langileez gain, beste hamabost-hogei pertsona inguru behar dira laguntzeko.
M.A.: Bai, zortzi paella egiten dira, eta, gutxi gorabehera, paella bakoitzeko bi pertsona behar izaten dira. Baina, aurrez esan bezala, egin beharreko pauso bakoitza argi azaltzen dizute.
E.A.: Iaz banaketa momentua izan zen zoroetxea. Txartelekin etortzen dira herritarrak, denak batera, eta txartel horiek adina paella platera eman behar dizkiezu.
I.A.: Egiari zor, askoz ere estres handiagoa espero nuen nik. Guztia oso ondo antolatuta egoten dela ikusi nuen. Gelditu ere egin gabe ibili beharko genuela uste nuen, estres handiagoa biziko genuela, baina espero baino askoz hobeto eraman nuen.
Festen beste alde hori, lana egin beharrekoa, ezagutzen duzuen lehendabiziko aldia al da?
I.A.: Herri guztiarentzat lan egin beharreko lehen aldia bai behintzat... Txosnetan ibili izan naiz, baina horrenbeste pertsonari zuzendutako zerbaitetan ez.
E.A.: Herri bazkarian 1.100 pertsonatik gora biltzen dira plazan. Ikaragarria da hori Azkoitia bezalako herri batentzat!
Esker oneko hitzak entzuten al dituzue?
M.A.: Kaleko jendeak esaten du zerbait; eskerrik ez digute ematen, baina esaten digute konturatzen direla lanean aritu garela.
E.A.: Ni harritu egin nintzen ohartzean zenbat pertsonak esan ziguten zerbait... Eskertu, agian, ez da hitza, baina konturatzen dira zertan aritu zaren eta esaten dizute zerbait.
I.A.: Iruzkin txarrik ez genuen entzun, eta, beraz, ondo. Gainera, pertsona ugarik errepikatu zuten arroza, eta hori seinale ona da.
Azkoitiko herri bazkaria oso jendetsua izaten da, eta askorentzat, berezia, festetako unerik gustukoena. Zuentzat ere horrela al da?
M.A.: Nik 25 urte daramatzat herri bazkarira joan gabe, baina onartzen dut herritarrentzat berezia dela. Polita da horrenbeste jende biltzea plazan, adin desberdinetakoak gainera. Gazteak nahiz 70 urtetik gorakoak elkartzen dira.
E.A.: Bai, hori ederra da, eta sortzen den giroa ere bai.
I.A.: Asko aldatu da giroa, garai batean jendea bazkaltzera baino gehiago, arroza botatzera joaten zelako. Gaur egun ez da horrelakorik gertatzen.
Horrelako lan baten ondoren, festa handiagoa izaten al da?
E.A.: Festen azken eguna izanda, nekatuta egoten gara, eta normalean, kalera beranduago aterako ginatekeen arren, herri bazkarirako prestatzera joan behar izaten dugunez, lehenago atera behar izaten dugu kalera.
M.A.: Nire kasuan, ez du gehiegi eragiten. Elkartean egiten dugu bazkaria, eta bazkalosteko eserialdia luzatzen da.
Zein da zuentzat festetako egunik gogokoena?
I.A.: Lehena, bigarrena, hirugarrena... Kar, kar, kar! Gu geu, garen bezalakoak izanda, abuztuaren 18a ez da bereziki gehien gustatzen zaigun eguna. Gainera, nekatuta iristen gara, eta horrenbeste pertsonarekin ez dugu, agian, hainbeste gozatzen. Lehen, duela urte batzuk, bai gozatzen genuen, baina adinean aurrera goazen heinean, aldatzen joan da kontua. Nik, behintzat, 14an eta 15ean une hobeak igarotzen ditut.
M.A.: 14an izaten da giro onena, 15ean gutxiago, eta 16an lagunarteko bazkaria egiten dugu. Egun horiek dira, agian, onenak.
E.A.: Hilaren 18ra oso nekatuta iristen gara, eta gauerdirako etxera joan behar izaten dut askotan. Nahikoa eginda, eta eman beharreko denak emanda.
Aurtengorako gogoz?
I.A.: Andremarietarako gogoz beti.
M.A.: Bai bai, hor izango gara. Anima daitezela azkoitiarrak herri bazkarira.
E.A.: Festarako beti, eta herri bazkarian ere izango gara aurten.