Gurea udal pilotalekuaren kudeaketa eskuz aldatu da, eta azpiegituraren ardura hartu dutenek jakinarazi dutenez, aurrerantzean frontoia egunero egongo da zabalik, baita hango taberna-jatetxea ere. Dagoeneko zabalik da gune hori, baina bihar izango da haren inaugurazioa. Arduradunek festa kutsuan ospatu nahi dute irekiera, eta horretarako, azkoitiarren eta azpeitiarren arteko bertso-pilota saioa prestatu dute 18:00etarako: pilotari azkoitiarren artean izango dira Azkoitia eta Egaña, eta Azpeitiko bikotea osatuko dute Labakak eta Egigurenek. Botilero lanetan arituko diren bertsolariak, berriz, Eneritz Artetxe eta Jokin Sudup Pio izango dira. 19:00etan, luntxa egingo dute Laja eta Lutxurdio trikitilariekin.
Azken urteetan ez bezala, aurrerantzean egunero izango da zabalik Gurea pilotalekua, honako ordutegi honekin: astelehenetik ostegunera 10:00etatik 13:00etara zein 16:30etik 22:00etara zabalduko dute, eta ostiraletan, ordutegi horretan baina 23:00ak arte izango dira pilotalekuko ateak zabalik; larunbatetan, berriz, egun osoan izango da irekita, 09:00etatik aurrera; eta igandeetan zein jaiegunetan goizez zabalduko dute, 09:00etatik 14:00etara bitartean.
Frontoia irekita dagoen ordutegi horretan, gainera, herritarrek aukera izango dute kantxa alokatu eta pilotan nahiz palaz jokatzeko, beti ere libre baldin badago. Kantxa alokatzeak hamar euro eta erdiko prezioa du, eta dutxa zerbitzuak, 2,60 eurokoa pertsonako.