Udalak bat egin du UEMAk bihar eguerdirako deitu duen elkarretaratzearekin

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 18a, 12:01

Azkoitiko udaletxearen etxaurrea. (Andoni Elduaien)

Espainiako Auzitegi Gorenak, Voxen helegitea berretsi eta EAEko Udal Legearen hainbat artikulu baliogabetu dituelako egingo dute kontzentrazioa. 12:00etarako jarri dute hitzordua, plazan, udaletxe aurrean. Herritarrei kontzentrazioan parte hartzeko deia egin die erakundeak.

Azkoitiko Udalak bat egin du UEMAk bihar eguerdirako deitu duen elkarretaratzearekin. Espainiako Auzitegi Gorenak, Voxen helegitea berretsi eta EAEko Udal Legearen hainbat artikulu baliogabetu dituelako deitu ditu kontzentrazioa Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak; 12:00etan izango dira bilkurak, mankomunitateko bazkide diren udalerrietako udaletxeen atarietan.

Azkoitia Udala UEMAko kide da, eta bi erakundeek epai horren "larritasuna" azpimarratu dute. "Euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa ez ezik, azken hamarkadetako hizkuntza politiken aurkakoa ere bada. Euskara beraren ofizialtasuna ere zalantzan jartzen du". Horren aurrean, udalak jakinarazi du Ana Azkoitia herriko alkateak deituta, bozeramaileen batzordea egin duela udalak, eta EAJ, EH Bildu eta Azkoitia Baiko udal ordezkarien ekimenez, bihar elkarretaratzea egitea erabaki dutela, "euskara lehenesten duten lege irizpideen defentsan, euskararentzat justizia eskatzeko". 

Udalak biharko mobilizazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei, euskaltzaleei nahiz euskalgintzako eragileei, guztiek "euskaldunon hizkuntza eskubideak babestea" eska dezaten. Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak ere elkarretaratzearekin bat egiten duela adierazi du, eta hark ere dei egin die bazkideei eta herritarrei.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide