Norbanakoen ohore eskubidea aldarrikatu du EAJk, Juaristi enpresaren jabearen kontrako pankarten harira

Julene Frantzesena 2025ko uzt. 17a, 11:03

Plazako kioskoan jarri dute pankartetako bat. (Andoni Elduaien)

Lan gatazka betean den Azkoitiko Juaristi enpresako nagusi Carlos Juaristiren aurkako pankartak agertu dira Azpeitian, eta horren aurrean, "eraso pertsonalak" ez zaizkiola "onargarriak" iruditzen adierazi du Azpeitiko EAJk. Horiek erretiratzea ere eskatu diote jeltzaleek Nagore Alkorta Azpeitiko alkateari.

Azkoitian kokatuta dagoen eta makina erremintaren sektorean aritzen den Juaristi enpresako lan gatazkari lotuta, lantegi horren nagusi Carlos Juaristi interpelatzen duten hainbat pankarta agertu ziren atzo Azpeitian. 

Horren aurrean, norbanakoen ohore eskubidea defendatu du Azpeitiko EAJk sare sozialen bidez, adierazpen askatasuna aldarrikatzen duela baina "horrelako eraso pertsonalak" ez zaizkiola "onargarriak" iruditzen adierazita. Halaber, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateari pankartak erretiratzeko eskatu dio EAJk, eta esan du gatazkak konpontzeko "zenbait muga" ezin direla gainditu.

Hilabeteak dira Azkoitiko Juaristi enpresan lan gatazkak eztanda egin zuela, eta maiatzaren 6az geroztik aldi baterako lan erregulazio espedientea indarrean dute lantegian. Printzipioz, sei hilabetez izango da neurri hori indarrean, hau da, azarora arte. Neurri horren ondorioz, %30eko lanaldia ari dira egiten beharginak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide