Aizkora eta harri jasotzea konbinatu dituen Kirol Herria herri kirolen txapelketako finala jokatu zuten atzo arratsaldean Zumaian, hango Eusebio Gurrutxaga plazan. Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolari azkoitiarrak txapelketa irabazi zuen, gainera.
Herri kirolen "ikuspegi berritzailea" eskaintzea izan du helburu txapelketa horrek, "parekidetasuna, ikusgarritasuna eta goi mailako kirola" sustatuz. Liga formatuan jokatuta, lehen kanporaketa Deban (Gipuzkoa) egin zuten ekainaren 15ean, eta handik sei egunera jokatu zuten bigarrena, Aian. Bi jardunaldi horietan erabaki zuten zein bi laukote neurtuko ziren finalean.
Bina aizkolariz eta harri jasotzailez osatu dituzte laukoteak. Zumaian jokatutako finalean, talde gorrian aritu zen Txikia IV.a. Estefania Etxebeste eta Paulo Azpiazu harri jasotzaileek, eta azkoitiarrak nahiz Oihana Barrena aizkolariek osatu zuten talde gorria. Aldiz, talde urdinean, Beñat Telleria eta Maddi Gesalaga zarauztarra aritu ziren harri-jasotzen, eta Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Nerea Arruti aizkoran.
Proba konbinatua izanik, bi modalitatetan lortutako emaitzak hartu zituzten kontuan irabazlea erabakitzeko. Hala ere, ezusteko bat izan zen: azken probari ekin aurretik, Gelasaga lesionatu egin zen, eta ezin izan zuen bere lana osatu. Elkarren artean hitz eginda, harri-jasotzen arituko ziren bi emakumeen lanak kendu zituzten, proba jokatu aurretik talde gorriari garaipena ematearekin bat. Azken proba horretan ere emozioa izan zen ikusleen gozamenerako. Talde urdina aurretik joan zen, baina azken aizkorakadetan gorriek lortu zuten garaipena. Azkenean, zortzi puntu lortu zituzten gorriek, eta hiru urdinek.
Argazkiak: Ibon Errazu.