Joseba Beristainek 'Decorado' animaziozko filmari jarri dio musika

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 17a, 11:06

Joseba Beristain konpositorea. (Mailo Oiarzabal)

Alberto Vazquez zuzendari galiziarraren filmean parte hartu du konpositore azkoitiarrak. Sitgesko fantasiazko zinemaren nazioarteko Kataluniako jaialdiaren sail ofizialean lehiatuko da filma.

Joseba Beristain musika konpositore azkoitiarrak Decorado animaziozko filmari jarri dio musika. Alberto Vazquez zuzendariak ondu du filma, eta 2016an egindako izenburu bereko film labur bat du oinarri. 2016an, hain justu, animaziozko film labur onenaren Goya saria irabazi zuen. Sitgesen lehiatuko da filma, gainera, fantasiazko zinemaren nazioarteko Kataluniako jaialdiaren 58. edizioan. Sail ofizialean egingo dute filmaren estreinaldia, urriaren 9tik 19ra bitartean. 

Ez da zuzendariaren eta azkoitiarraren aurreneko lankidetza lana; izan ere, Vazquezek zuzendutako Unicorn Wars animaziozko filmari ere konpositore azkoitiarrak jarri zion musika. Gainera, Goya sarietarako jatorrizko musika onenaren izendapena lortu zuen Beristainek film harekin –azkoitiarrak ez zuen Goya saririk lortu–. Orain, Abano Producions Galiziako ekoiztetxearen eta Bilboko UniKo ekoiztetxearen arteko koprodukzio lanari esker ikusiko du argia Decorado filmak; urriaren 24tik aurrera emango dute filma zinema aretoetan.

Decorado filmak Arnolden istorioa kontatuko du, krisi batean murgilduta dagoen sagu batena, hark mundua irreala dela sentitzen baitu. Gizarteari, familiari eta lagunei aurre egitea erabakiko du Arnoldek, baita A Company that Make Everything korporazioari ere, erakunde horrek burdinazko eskuarekin menderatzen baitu dena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide