Eskualdera etorri diren haur sahararrei harrera ekitaldia egingo diete igandean

Maddi Txintxurreta 2025ko uzt. 23a, 08:00

Azkoitira aurten iritsi diren haur sahararrak, udaletxean. (Udala)

Uda eskualdean igarotzera etorri diren Mendebaldeko Saharako haurrei eskainitako harrera festa antolatu dute iganderako. Besteak beste, jolasak eta perkusio tailerra izango dituzte plazan. Joan den ostiralean udaletxea bisitatu zuten uda Azkoitian igaroko duten hiru umek.

Darahli elkarteak sustatzen duen Oporrak Bakean programaren eskutik eskualdera etorri diren haur sahararrei ongi-etorria emateko ekitaldia antolatu dute iganderako Azkoitian.

Pasa den ostegunean, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako 30 haur iritsi ziren Urola Kostara eta bertan igaroko dute udara, desertuko baldintza gogorretatik salbu. Horietatik hamar Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zumaiako familietan daude. Hain justu, herriko bi harrera familia batu dira aurten Oporrak Bakean ekimenera, eta eurekin egongo dira Haniha, Warda eta Mamia. Joan den ostiralean egin zuten bisita hirurek udaletxera. Beste hogei haur, berriz, Darahlik Larrabetzun (Bizkaia) antolatzen dituen udalekuetan egongo dira hilabete eta erdiz. Guztira, 60 bat boluntario izango dira txandaka Bakeleku udalekuetan, horietako batzuk azkoitiarrak.

Haur horiei guztiei ongi-etorria emateko ekitaldia egin zuten astelehenean Zumaian, eta berdin egingo dute Azpeitian larunbatean eta Azkoitian igandean. Haur guztiak eta haien harrerako familiak plazan elkartuko dira 11:00etan, eta bertan jolasak eta askotariko tailerrak izango dituzte. Ondoren, bazkaria egingo dute eta, atzetik, perkusio tailerra.

Darahli elkarteak azaldu duenez, festa eta Mendebaldeko Sahararen aldeko aldarria uztartu nahi dituzte asteburuan Azpeitian eta Azkoitian antolatutako ekintzekin. "Elkartetik herritar  guztiak gonbidatu nahi ditugu asteburuan gugana hurbiltzera, jarduera desberdinetan parte-hartzera, eta saharar herriaren errealitatea hobeto ezagutzera", adierazi du.

Aurten beranduago

Oporrak Bakean programarekin, guztira, 300 bat haur etorri dira Euskal Herrira errefuxiatuen kanpalekuetatik. Duela bi aste iritsi behar zuten, baina pasaporte kolektiboekin arazo burokratikoak izan dituzte, eta ostegunera arte atzeratu zuten bidaia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide