Primerako giroan ari dira ospatzen Urrategiko Amaren Eguna

Ane Olaizola 2025ko uzt. 13a, 13:25

Jai egun nagusia dute gaur Urrategi auzoan, eta auzotarrek ez ezik, herritar askok ere ez diote hutsik egin urteroko hitzorduari. 

Urrategi auzoan festetan murgilduta daude joan den ostiralaz geroztik, eta gaur dute jai egun nagusia, Urrategiko Amaren Eguna ari baitira ospatzen. Urtero moduan, auzotarren zein herritar askoren bilgune izan da auzoko plaza, eta goizetik paregabeko giroa da nagusi. 

Atzo auzo bazkaria egin ostean, gaur meza nagusiarekin ekin diote egunari. Ehunka lagunen aurrean eman du elizkizuna Felix Azurmendi erretoreak, eta segidan, jan-edanerako tartea hartu dute han bildutakoek. Eguerdia girotzeko, gainera, bertso eta trikiti doinuak izan dira entzungai, Joanes eta Xabat Illarregi bertsolarien zein Zabale, Aintzane eta Lutxurdio trikitilarien eskutik. 

Arratsaldean jarraituko dute festek Urrategin, eta orduan agurtuko dituzte hurrengo urtera arte. 16:00etan, haurrentzako jolasak, puzgarriak eta tailerrak izango dira, eta 17:00etan, Iagomagoren ikuskizuna hasiko da. 18:00etan, berriz, herri kirol saioa jokatuko dute auzoko plazan. Harria jasotzen Ion Unanue Goenatxo III.a, Haritz Aranguren Norde eta Udane Ostolaza arituko dira, eta aizkoran, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Malen Barrenetxea. Kirol proben ondoren eta ilundu bitarte, erromeria eskainiko dute berriro Zabale, Aintzane eta Lutxurdio trikitilariek.

Ostiralean, musa

Ostiralean, XVIII. Mus Txapelketarekin hasi zituzten auzoko jaiak Urrategin, eta orain arteko txapelketarik jendetsuena jokatu zuten hango elkartean; 59 bikotek parte hartu zuten, eta Txipillo eta Imanol izan ziren txapeldunak. Aritz eta Arkaitz, berriz, txapeldunordeak izan ziren, eta ondorengo postuetan sailkatu ziren honako bikote hauek: Korta eta Iban eta Aritz eta Arkaitz. Giro ederrean jokatu zuten goizaldera arte iraun zuen txapelketa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide