Azkoitiko 700 herritarrek babestu dute Donostia Ospitalera zuzeneko autobusa eskatzeko ekimena

Maddi Txintxurreta 2025ko uzt. 12a, 08:00

Aizkibel liburutegiaren alboko autobus geralekua. (Guka)

Uztailaren 23ra arte Donostia Ospitalera zuzeneko autobus zerbitzua jartzea eskatzen duen ekimena babestu dezakete herritarrek. Gero, eskaera ofiziala egiteko tramiteak hasiko ditu Doako Parking-a Denontzat plataformak.

Ekainaren amaieraz geroztik, Donostia Ospitalera zuzeneko autobus zerbitzua jar dezatela eskatzeko sinadura bilketa du martxan Doako Parking-a Denontzat plataformak, eta dagoeneko Azkoitiko 700 herritarren babesa lortu du. Uztailaren 23ra arte sinatzeko aukera izango da, eta babesak biltzeko kanpaina amaitzen denean, eskaera ofiziala egiteko tramiteak hasiko ditu plataforma herritarrak.

Doako Parking-a Denontzat plataformak salatzen duenez, Donostia Ospitalean gero eta zailtasun gehiago daude autoak aparkatzeko eta, ondorioz, asko dira egunero dagokien ordua baino askoz ere lehenago joan behar diren langileak, kontsultak galtzen dituzten pazienteak eta senitartekoak bisitatzeko ordainpeko aparkalekuan diru kantitate handia uzten duten pertsonak. Horregatik, ospitalera joateko zuzeneko autobus zerbitzua egon dadila eskatzeko sinadurak biltzen jardun du ekainaren 24az geroztik Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan.

Aste hauetan, "herritar asko izan dira sinadura-puntuetara" agertu direnak, esan du plataformak. Horrela, 700 sinadura lortu dituzte Azkoitian, 1.200 Azpeitian eta 450 Zestoan. "Honek argi adierazten du Donostia Ospitalera iristeko oztopoak herritar askori eragiten dietela", adierazi dute plataformako kideek.

Hala ere, adierazi dute aldarrikapenarekin bat egiten duen herritar askok ez duela eskaera-orria sinatu eta, horregatik, herritarren babesa lortzeko kanpaina irekita mantenduko dute uztailaren 23ra arte. Gero, eskaera ofiziala egiteko tramiteak hasiko dituzte.

Honako aukerak izango dituzte herritarrek Donostia Ospitalera zuzeneko autobus zerbitzua egon dadila eskatzen duen ekimena babesteko:

  • Uztailak 16, asteazkena. 09:00etatik 12:00etara, anbulatorio aurrean.
  • Uztailak 19, larunbata. 10:00etatik 13:00etara, eliz atarian.
  • Uztailaren 23ra arte, toki hauetan: Hika tabernan eta Lujan dendan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide