Oporrak Bakean programari esker, Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako hamar haurrek Urola Kosta eskualdeko familietan igaroko dute uda; horietako hiruk, Azkoitian. Guztira, 300 bat haur etorriko dira Euskal Herrira errefuxiatuen kanpalekuetatik. Berez, dagoeneko Euskal Herrian behar zuten haur horiek, baina pasaporte kolektiboekin arazo burokratikoak izan dituzte, eta oraindik ez dira iritsi. Darahli elkarteko kideek oraindik ziur ez badakite ere, uztailaren 17an, ostegunez, iritsiko direla aurreikusten dute.
Harrera familiek hartzen ez dituzten haurrak Larrabetzuko (Bizkaia) Bakeleku udalekuan izango dira abuztu amaierara arte. Guztira, 60 bat boluntario izango dira txandaka Larrabetzun, gehienak zumaiarrak, baina baita azkoitiarrak eta azpeitiarrak ere. Eguneroko ekintzak kudeatuko dituzte boluntario horiek, hala nola, jatorduak, arropak garbitzea edo dutxak. Kirol jarduerak eta tailerrak ere antolatuko dituzte.
Azkoitian harrera
Eskualdeko hainbat herritan harrera egingo diete Saharako haurrei. Azkoitiko eta Azpeitiko udalek uztailaren 26an, larunbata, egingo diete harrera ekitaldia, Azpeitiko udaletxean, 11:30ean, eta asteburu horretan beste hainbat ekintza ere izango dira bi herri horietan.