Isilune Zirkuluak ikasturteko azken bilkura egin zuen atzo, ostegunez, 19:00etan hasita, plazan. Hitzartzeekin, olerkiekin nahiz abestiekin borobildu zuten hilabetez hilabete egindako lana han elkartutako dozenatik gora lagunek, eta ordubete bueltako saioaren ostean, mokadutxoa egin zuten.
Isilune Zirkulua bost elkartek osatzen dute: Gernika-Palestina taldea, Darahli elkartea, Marea Urdina, Loiolako Lagundia eta Azkoitiko Parrokia. 2023ko abenduan ekin zioten horiek jardunari, eta ordutik, hileko hirugarren ostegunetan elkartu ohi dira plazan giza eskubideen urraketak salatzeko eta gizatasuna plazara eramateko.
Hain zuzen ere, hilean behingo elkarretaratzeak hitzartzeekin hasi eta bukatu ohi dituzte, eta tartean, plazari bueltak ematen dizkiote isiltasunean. Gai zenbaiten inguruan kontzientzia hartzea eta inguruan zer gertatzen den barneratzea da egitasmoaren helburua. Izan ere, isiltasunak "pertsonak lotzen" dituela sinesten dute zirkuluko kideek.
Aurten, besteren artean, bakea, Saharako egoera, etxebizitza eskubidea, gazteria, zaintza eta Palestinako aldeko aldarria eraman ditu Isilune Zirkuluak plazara, baita gehiegizko kontsumoaren aurkako mezua ere. Udako oporrak tarteko, etena egingo du orain Isilune Zirkuluak, baina irailean ekingo diote berriz hileroko jardunari.