Zazpigarrenez egingo dute aurten Mangaixue mendi bizikleta martxa. Irailaren 20an, larunbatez, izango da 2025. urteko bizikleta gaineko ibilaldia. Urtero moduan, partaide guztiak Plazaberritik abiatuko dira 15:15ean, baina desberdina izango da gero egin beharko duten bidea; izan ere, bi ibilbide izango dituzte aukeran bizikleta zaleek: luzea –33 kilometro eta 1.500 metroko desnibel positiboa– edo motza –25 kilometro eta 1.100 metroko desnibel positiboa–.
Antolatzaileek zabaldu dute dagoeneko bi mendi bizikleta martxetarako izen-ematea. Irailera bitartean, Rock The Sport webgunean eman ahalko dute izena kirolariek, eta irailaren 1etik 16ra bitartean, Ibaiondo kalean dagoen Uhaitz kafetegian. Iaz bezala, aurten ere 20 euro ordaindu beharko da proban parte hartu ahal izateko izen-ematea.
Helduek zein 18 urtetik beherakoek parte hartu ahal izango dute proban, baina azken horien kasuan, heldu baten baimena izan beharko dute mendi martxa egiteko. Bizikletari lotuta, berriz, Mangaixue proba antolatzen dutenek azaldu dute bizikleta elektrikoarekin ere egin ahal izango dela irailaren 20ko ibilaldia.
Ohiko moduan, kirolariek dutxatzeko aukera izango dute, eta egun horretan erreminta izango duten bizikleta garbitzeko mangerak ere eskuragarri jarriko dituzte antolatzaileek. Ibilbideak azken orduko aldaketak jasan ditzakeen arren, anoa guneak ere izango direla nabarmendu dute Mangaixuekoek. Proba amaitzean, jan-edanerako aukera izango da Plazaberrin bertan, eta une hori baliatuko dute zozketak egiteko nahiz opariak banatzeko.