Gaur, asteartea, jokatu dituzte Donosti Cup udako futbol txapelketaren aurreneko partidak Azkoitian. Gaurtik ostiral arratsaldera bitartean hemezortzi partida jokatuko dituzte nazioarteko hainbat futbol taldek San Juan futbol zelaian. Aurreneko hiru egunetan, multzokako faseko partidak jokatuko dituzte herrian, eta ostiralean, final hogeita hamabirenetako eta final hamaseirenetako kanporaketak.
Gaur, estreinako neurketan, Urnieta CD taldeak eta Frantziako FC Canton de Courçonek neurtu dituzte indarrak. Azkenean, garaipena Urnietako (Gipuzkoa) taldeak lortu du, Frantziako taldeari 1-0 irabazi eta gero. Gaur, beste hiru lehia jokatuko dituzte San Juanen, bihar eta etzi bosna, eta ostiralean, lau.
Euskal Herriko nahiz nazioarteko talde ugari arituko dira Azkoitian: Gipuzkoako Urnieta KE, Usandizaga B, Axular Lizeoa B, Donostia AK, Martutene KE A, Aldapeta Maria Ikastetxea, Sanse CD, Orioko futbol taldea eta Hernani CD; Frantziako FC Canton de Courçon, Coqs Rouges, Sagc Cestas, GJ Linars Nersac Fleac eta Coutras US; AEBetako New Orleans Jesters, Ellsworth Soccer Club eta Soccer Pass; Kataluniako Mercedarios FC, Top Tec Academy eta Top Tec Academy B; Espainiako Nueva Cartagena FC eta Aravaca Soccer Selection; eta azkenik, Mexikoko Dragones FC eta Diablos Tesistan.
Gipuzkoako 60 futbol zelaietan, guztira, 30 herrialdetako 900 taldek parte hartuko dute torneoaren aurtengo edizioan, eta horietatik 200 izango dira emakumeek osatutakoak. Denera, gutxi gorabehera, 16.000 pertsona bilduko ditu txapelketak. 2.000 partida inguru jokatuko dituzte datozen egunetan.
Honako lotura honetan ikusi daitezke partiden ordutegiak eta emaitzak.