Euskal Herriko Gazte Orkestrak kontzertua eskainiko du zapatuan, Baztartxon

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 10a, 08:55

EGOko musikariak, kontzertu batean. (EGO)

Copland, Strauss, Esnaola eta Schubert artisten lanak aurkeztuko dituzte Euskal Herriko Gazte Orkestrak etzi, Baztartxon. Aurtengo udako biran bost kontzertu eskainiko ditu EGOk Hego Euskal Herrian, tartean, bat, Azkoitian. Sarrerak salgai daude Entradium atarian.

Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) kontzertua eskainiko du etzi, zapatua, Baztartxo antzokian (18:00). EGOk bost kontzertu eskainiko ditu 2025eko udako biran: bihar, ostirala, Gasteizen joko dute; etzi, zapatua, Azkoitian; igandean, Hondarribian; astelehenean, Bilbon; eta azkenik, asteartean, Donostian. Diego Martin-Etxebarria zuzendari gonbidatuaren aginduetara ariko dira musikariak.

Coplanden obra esanguratsuenetakoa den Gizon arrunt batentzako fantarria obrarekin abiatuko du orkestrak kontzertua. 1942. urtean sortua, obra hori herriaren nazio-izpiritua piztea helburu zuten fanfarreen parte izan zen. Coplandek "gizon arruntari" eskaini zion, herritarrak egiten ari ziren borroka eta sakrifizioa omentzeko asmoz.

Ondoren, Straussen haize-instrumentuetarako serenata eskainiko dute, konpositore alemaniarraren obra goiztiar bat. 17 urte zituenean sortua, orkestrazioa guztiz menderatzen du; obra horretan, gainera, nabaria da Mozarten influentzia. "Obra dotorea eta orekatua da, baina bere ezaugarri tinbrearekiko duen maisutasuna ere erakusten du", azaldu dute EGOko kideek.

Gero, Jon Esnaola konpositore gaztearen LUUR obraren estreinaldia interpretatuko du EGOk, Nestor Basterretxearen omenez idatzitako obra. Honako hitz hauekin deskribatu du Esnaolak bere obra: "Lurraren inguruko erritual bat da, baina ez da planetari buruz ari, baizik eta zapaltzen, dantzatzen, lantzen eta deuseztatzen dugun lurrari buruz. Hori dela eta, sonoritatea iluna, goibela eta ezkorra da".

Azkenik, Schuberten Sinfonia amaitu gabea lanarekin itxiko dute egitaraua EGOko musikariek. "Errepertorio sinfonikoko obra hunkigarrienetako eta misteriotsuenetako bat da. Bi mugimendu soilik izanik, melankolia eta lirismo sakona adierazten ditu. Emozioa intentsitate handiarekin azalduko dute gazte orkestrakoek.

Emanaldirako sarrerak salgai daude Entradium atarian. 3 eta 5 euro artean ari dira saltzen kontzerturako sarrerak, honako lotura honetan

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide