Aire zabaleko pistako Espainiako Txapelketa jokatzeko sailkatu da Ane Bosch

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 7a, 15:49

Bosch, Pedro Muñoz entrenatzailearekin. (Utzitakoa)

Xeye atletismo taldeko korrikalari azkoitiarrak Xixonen jokatuko du txapelketa igandean. Markarik onenak egin dituzten hemezortzi atletetan arteko lehian izango da Bosch. Azkoitiarra 10.35.66 denbora eginda sailkatu da txapelketara.

Aire zabaleko pistako 16 urtez azpiko Espainiako txapelketarako sailkatu da Xeye atletismo taldeko Ane Bosch korrikalari azkoitiarra. Espainiako txapelketan aritzeko bi sailkapen lortu ditu hark; batetik, 1.000 metroko probarako sailkapena lortu du, eta bestetik, 3.000 metroko probarakoa. Proba motzean, 03.05.46 denbora eginda lortu du Boschek txapelketara zuzenean sailkatzea, eta luzean, 10.35.66 denbora eginda.

Dena den, bi txapelketetako bat hautatu behar izan du azkoitiarrak Espainiako txapelketan lehiatzeko, eta proba luzearen alde egin du. Hori horrela, datorren igandean, hilak 13, Xixonen (Espainia) jokatuko du txapelketaren finala, 20:15ean hasita. Espainia mailan markarik onena lortu duten hemezortzi atletetako bat izango da Bosch.

2024-2025 denboraldia ezin hobea ari da izaten azkoitiarrarentzat. Urtarrilean, Espainiako Kros Txapelketan parte hartu zuen Getafen; martxoan, Ourensen, pista estaliko 1.000 metroko proban parte hartu zuen; eta igandean, aire zabaleko pistako txapelketa lortzen ahaleginduko da. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide