Udalak mahaiak eta aulkiak jarri ditu Trenbidearen Zumardian. Erakundearen iazko aurrekontu parte hartzaileetan herritarrek hautatutako proiektuetako bat izan zen han eta Oteiza frontoietan aisialdirako mahaiak zein aulkiak egokitzea, eta dagoeneko erabilgarri daude Trenbidearen Zumardiko belardian jarritakoak.
Erakundeak azaldu duenez, "momentuz" han bakarrik jarri dituzte mahaiak eta aulkiak. Guztira, bost jarri dituzte, eta horietako bat irisgarria da, gurpildun aulkiak-eta mahaietara arazorik gabe gerturatzeko modukoak. Dena den, jendeari materiala errespeta dezala eskatuko duten seinaleak jartzea falta da oraindik gune horretan.
Herritarrek bost proiektu hautatu zituzten iazko aurrekontu parte hartzaileetan; herriko aparkalekuak egokitzea bozkatu zuten herritarrek gehien, bozka emandakoen %18ak egin baitzuen horren alde, guztira, 450 boto jasota. Bestalde, Elkarguneko Herriko Plaza aretoaren dinamizazioak 304 boto jaso zituen, eta Santa Klarako zubia irisgarriagoa egiteko eskariak, 261 boto.
242 botorekin, laugarren egitasmo bozkatuena izan zen Trenbidearen Zumardian eta Oteiza frontoietan mahaiak eta aulkiak jartzeko proiektua. Erakundeak iaz jakinarazi zuen 15.000 euro bideratuko zituztela horretara. Urtebeteren ondoren, erabilgarri daude Trenbidearen Zumardiako instalazioak.